Stuttgarteko azokan egongo da Gernikako turismo eskaintza
Gernika-Lumoko turismo eskaintza Stuttgarteko (Alemania) CMT turismo azokan izango da. Stuttgartekoa turismoaren alorreko Alemaniako bigarren azoka garrantzitsuena da, Berlingo azoka nagusiaren ostean.Zapatuan zabalduko ditu ateak azokak, eta Gernika-L...
Zapatuan zabalduko ditu ateak azokak, eta Gernika-Lumoko turismo bulegoak Pforzheimekoagaz eta horregaz anaitutako beste herrietako bulegoekin elkarbanatuko du postua. Bertan, besteren artean, udalerriko Batzarretxea, Gernikako Arbola, Europako Herrialdeen Parkea, Picassoren Gernika margolanaren erreprodukzioa, Merkatu Plaza, Jai Alai frontoia, Pasealekua edota Astra ezagutaraziko dituzte alemaniarren artean.
Turismo Bulegoak lehen aldiz alemaniarrez eginiko liburuxka eramango du azokara, baita Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako informazioa biltzen dituzten dokumentuak ere. Halaber, azokan aurreskua dantzatuko duen dantzaria ere bertan egongo da.
Urtarrilaren 12tik 20ra bitartean, bederatzi egunez, munduko eskaintza turistikoak ikusgai egongo dira Stuttgarteko CMT azokan. Eta herri zein hirietako informazioa ezeze, txirrindularitzagaz, itsas bidaiekin edota golfagaz zerikusia duten eskaintzak ikusi ahalko dira.
Urtero 2.068 erakustoki inguru egoten dira bertan, eta 220.000 bisitari baino gehiago hurbiltzen dira.