Onintza Enbeitak eskuratu ditu Bizkaiko txapela eta aginte makila
Etxahun Lekuegaz jokatu du buruz burukoa. Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarra hirugarren geratu da, eta Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarra bosgarrenBizkaiko txapela janzten duen lehen emakumezkoa da Onintza Enbeita Maguregi muxikarra. Bere o...
Etxahun Lekuegaz jokatu du buruz burukoa. Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarra hirugarren geratu da, eta Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarra bosgarren
Bizkaiko txapela janzten duen lehen emakumezkoa da Onintza Enbeita Maguregi muxikarra. Bere osaba Jon Enbeitaren eskutik jantzi zuen, gainera, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapela.Emozioari eta malkoei ezin eutsita egon zen txapeduna zapatuko finalean, alboan zituen lagunak modura. Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarragaz eta Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarragaz entrenatzen ibili da Enbeita, eta hunkituta zeuden hirurak. Galletebeitiak eta Ibarzabalek ere lan bikaina egin zuten. Hirugarren gelditu zen lekeitiarra, 503 puntugaz, eta markina-xemeindarra bosgarren, 489 puntu batuta Jone Uria Albizu laugarren sailkatuaren puntuazio bera lortu zuen.
Bete-bete egin zen zapatu arratsaldean Bilbao Arena, 4.350 bertsozale elkartu ziren, eta bertso emanaldi ederragaz gozatu ahal izan zuten bertsozaleek. Autobus bete lagun joan zen Markina-Xemeindik, Lekeitiotik eta Muxikatik, bertsolariak animatzeko eta txalotzeko gogoz.
Zortzi bertsolariek hainbat ariketa egin zituzten, eta lehenengo atala amaituta, Etxahun Lekuek eta Onintza Enbeitak lortu zuten puntu gehien batzea, eta eurek kantatu zuten buruz-burukoa. Hauxe izan zen kartzelako gaia bi bertsolarientzat: Zorotzat hartu zaitue danek, baina bardin deutsu. Eta Enbeitak bikain erantzun zion erronkari: Galdera danen erantzuna da/ sarritan geure barrena/ Baina nik nori eskatu behar/ deutsat ba orain baimena?/ Neure barrutik atera nahi dot/ behinola izan nintzena.
Ondo egin zuen Lekuek ere, baina poto bat ere egin zuen,urduritasunak bultzatuta. Bera ere ohartu zen egindakoaz, baina bikain irauli du egoera. Dena den, hutsegitea erabakigarria izan zen irabazlea erabakitzeko, eta hori bera izan zuen kantugai azken bertsoan ere: Montaña rusan ibili bainaiz eta azkenean lurra jota.
Etxetik etxera
Jon Enbeita Ealo Muxikako bertsolaria aukeratu zuen Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Talde Antolatzaileak txapela janzteko 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapeldunari, eta Muxikarantz eraman zuen saria, etxerantz. Bera izan zela esan zion txapeldun berriak «gurean lehen txapelduna», eta aurten «etxeko txikiak» hartu duela makila eskuan kantatu zion.
Gainerako sariak bertso munduagaz lotura zuzena duten lau lagunen eskutik jaso zituzten finalistek: Miren Loizaga Algortako Bertsolari Eskolako eragilearen eskutik; Joserra Bilbao Bilboko plazetako eragile, Santu- txuko bertso eskolako kide eta BBK Sariketaren sustatzaileak emanda; Leire Bilbao idazle ondarrutarrak, bertso munduan hasi eta orain literaturaren munduan dabilenaren eskutik; eta Pilare Baraiazarra bertsozalearengandik. Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Elkarteko lehendakariak eman zion Txapeldunaren makila Onintza Enbeitari.
Gai emaile Idoia Anzorandia Kareaga eta Maite Berriozabal Berrizbeitia aritu ziren. Epaimahaia, ostera, Ander Txakartegi Basterretxea berriatuarrak, Joseba Santxo Uriartek, Jurgi Fuentes Goikoetxeak, Leire Etxebarria Gazteluk, Mirari Azula Aurrekoetxea lekeitiarrak eta Miriam Juaristi Urizarrek osatu zuten. Idazkaria, azkenik, Itziar Basterretxea Olarreaga ondarrutarra izan zen.