Erritmo bizi eta zapore gozoen Aniztasun Jaia
Elkarbizitza Taldeak antolatuta, Aniztasun Jaian batu dira hainbat eta hainbat herritar Lekeitioko kaleetan zehar. Munduko doinu eta zapore desberdinetan murgiltzeko aukera eduki dute parte hartzaileek.Aittitta Makurra txarangak eta Zapalet tinbalero t...
Elkarbizitza Taldeak antolatuta, Aniztasun Jaian batu dira hainbat eta hainbat herritar Lekeitioko kaleetan zehar. Munduko doinu eta zapore desberdinetan murgiltzeko aukera eduki dute parte hartzaileek.
Aittitta Makurra txarangak eta Zapalet tinbalero taldeak girotuta hasi zuten jaia zapatu eguerdian lekeitiarrek. Elkarbizitza Taldearen deialdiagaz bat eginda, Aniztasun Jaia zen aitzakia edota eguneko plana,Eskolapetik atera, eta kalez kale aritu ziren musika tresnei eta danborrei doinua ateratzen. 14:30ak inguruan amaitu zituzten kalejirak, eta ordu horretarako, eskolako jantokira gerturatzen hasita zeuden hainbat eta hainbat herritar.
Izan ere, munduko janarien dastaketa egin zuten bertan. Besteak beste, Maroko, Sahara, Paraguay, Senegal…, herrialdetako jakiez gozatzeko aukera eduki zuten dastaketan parte hartu zutenek. Fideoak okela eta kanelagaz, pastelak, arroza arrain eta langostinoekin…, denetarik probatu ahal izan zuten parte hartzaileek.
Iazko afari-meriendan baino jende gutxiago batu bazen ere, hitzordu gustagarria izan zen zapatukoa, duda barik.
Goizean zaporeek hartu zuen protagonismoa. Arratsaldean, berriz, munduko ipuinak entzuteko aukera egon zen kultur etxeko Azkue aretoan, Ines Bengoa Lacarra ipuin kontalariaren eskutik.
Elkarbizitza Taldeak martitzenean hasi zituen Aniztasun Asteko ekimenak. Leku desberdinetatik etorritako jendeak elkar ezagutzeko ekimenak izan dira, harremanak sustatzea ahalbidetzea helburu izan dutenak.