Biktimen testigantzak dakartza Sarek Busturira eta Gernika-Lumora
Foro Sozialak egindako 'Sufrimenduaren kartografia integrala helburu' lana aurkeztuko dute gaur, Astran. Busturiko Sarek presoen ume eta gurasoen lekukotzak batuko ditu datorren asteanSufrimenduaren kartografia integrala helburu lanaren aurkezpen hitza...
Foro Sozialak egindako ‘Sufrimenduaren kartografia integrala helburu’ lana aurkeztuko dute gaur, Astran. Busturiko Sarek presoen ume eta gurasoen lekukotzak batuko ditu datorren astean
Sufrimenduaren kartografia integrala helburu lanaren aurkezpen hitzaldia egingo du Foro Sozial Iraunkorrak Gernika-Lumoko Astran gaur, 19:00etan hasita. Taxio Agirrezabalaga foroko kideak parte hartuko du, eta besteren artean, alde ezberdinetako biktimen testigantzak jasotzen dituen ikus-entzunezkoa jarriko dute. Busturiko Sarek, beste alde batetik, irudi eta kontakizunak «mugatuak» direla arrazoituta, presoen seme-alaben lekukotzei eman die garrantzia, eta solasaldia egingo du astelehenean, 19:00etan, Altamirako Kultur Etxean.Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna izan zen astelehenean, eta hori aitzakia hartuta antolatu dute Astrako ekitaldia: «Urteko beste edozein momentutan aurkeztu daitekeen sufrimenduaren kartografiari buruzko lana da, baina giza eskubideen egunagaz hasi den aste honetan aurkeztea egokiena iruditu zaigu».
Foro Sozialaren lan ildoak
Bake prozesuan laguntzeko eta gatazkaren konponbidea errazteko gizarte zibileko hainbat erakunderen artean osatutako espazio dinamizatzailea da Foro Soziala, eta hiru lan esparru nagusi ditu: armagabetzea, preso, iheslari eta deportatuen eskubideak eta memoria eta bizikidetza. Hala, azken atal horren barnean gogoeta eraginez sortutako lana da Sufrimenduaren kartografia integrala helburu; bi urtean egindakoa.
Euskal gatazkako biktima guztien sufrimendua aitortzea helburua duen txosten hori azalduko dute egileek Astran. «Konplexua da oso, euskal gatazkaren kasuan, giza eskubideen urraketen eta bestelako sufrimenduen arteko muga marraztea. Testuinguru politikoak, biolentziaren eragiletzak, tokian tokiko legediak… eragin handia daukatelako», adierazi dute analisiaren egileek. Hala, baina, ahalik eta sufrimendu mota anitzenak bildu dituzte lanean, eta horien existentzia euskal gizarteari ezagutarazi nahi diete.
Gernika-Lumoko Sareko ordezkariek, gainera, lana burutzeko udalerrian bertan egin zutela Foro Sozialeko ekimen bat gogorarazi dute: «Lana burutzeko, Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenean batu ginen gatazkaren lekukoekin».
Bestalde, Busturiko Sarek presoen seme-alabek bizi duten egoera plazaratuko du. «Izkutuan egon den komunitatea» ikusgarri egin gura dute, gurasoak espetxean dituzten haur eta nerabeena. Busturialdekoak diren eta preso dauden Ibon eta Eneko Goieaskoetxea eta Kepa Arronategiren senideen testigantzak entzun ahalko dira.
Gurasoak espetxean edukitzea zelan bizi duten, nola egiten dieten aurre egoerari edota zelan bizi duten gurasoek zigorra ezohiko baldintzetan bete behar izatea aztertuko dute. Eguneroko bizitzan ez ezik, egoerak euren garapena zelan baldintzatzen duen landuko dute.
‘Azken Arnasa Arte’
Busturiko Sarek jakinarazi duenez, espetxez espetxe ibili diren gurasoen testigantzak ere bilduko dituzte abenduaren 21ean. Azken Arnasa Arte filma proiektatu eta Koldo Zelestino zuzendariagaz solasaldia egingo dute. Ikus-entzunezko horrek presoen gurasoen jarrera islatzen du, «eredugarria eta txalogarria» den jarrera Sareko kideen ustez. Horregaz batera, Motxiladun Umeak erakusketa interaktiboa egongo da ikusgai, astelehenetik barikura, Altamirako Kultur Etxean.