Antimilitarismoa eta memoria historikoa izango dituzte ardatz astelehenean, Astran
Nazio Batuen Batzar Nagusiek 1948ko abenduaren 10ean onartu zuten Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala. Hala, astelehenean izan zen 70. urteurrena aitzaki hartuta, antimilitarismoari eta memoria historikoari buruzko jardunaldiak egingo dituzte Astran; astelehenean 16:30etik 19:30era bitartean jarri dute hitzordua .
Gernika Gogoratuz, Gernikatik Mundura, Ideasur, Astra eta Gernika-Lumoko Udalak bultzatu dituzte jardunaldiak, eta lau hitzaldi antolatu dituzte. Denek ala denek, Giza garapen gehiago eta arma gutxiago leloagaz bat egingo dute.
Gernika Gogoratuz elkartekoen esan dutenez, industria militarrak gerran daukan eragina eta inplikazio maila zein den aztertuko dute. Baita nazioarteko erakundeek gai horri buruz zer egin beharko luketen ikusi ere. “Gizateriaren krisi handiena den honetan erakundeek agertu beharreko inplikazio maila, eta egin beharko lituzketen salaketa kanpainak aztertuko ditugu”, jakitera eman dute antolatzaileek.
Gainera, gerren aurrean herritarrek dituzten aukerak landuko dituzte; hau da, erresistentzia egoera desberdinen eta beldur politiken aurrean hartu daitezkeen aukera desberdinak aztertuko dituzte hitzaldietan. Gainera, mugen segurtasun maila handitzeak eta segurtasun arloan kategoria berriak sortzeak zer erangingo lukeen ikusiko dutela aurreratu dute.
Saioak. Bitan banatuko dute asteleheneko jardunaldia, “eztabaidagaiak hobeto lantzeko eta solasaldi horizontala bideratzeko”. Lehenengoa, Jokin Alberdi Gernikatik Mundura elkarteko kideak zuzenduko du, eta bertan egongo dira Luis Arbide Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformako kidea eta Mertxel Relaño UNICEFeko zuzendaria Yemenen. Arabia Saudiko armen komertzioa, eta nazioarteko erakundeen zereginaz ariko dira hurrenez hurren.
Bigarren saioa, berriz, Maria Oianguren Gernika Gogoratuz elkarteko kideak zuzenduko du. Delàs Bakearen Ikasketen Zentroko ikertzailea den Nora Mirallesek parte hartuko du, eta militarizazioaz ariko da. Madrilgo Fuhem-eko arlo ekosozialeko ikertzailea den Nuria del Viso ere egongo da bigarren saioan, eta lurren arteko mugez eta aldaketa klimatikoaz hitz egingo du.
Astrako jardunaldiak gazteleraz izango dira, eta jardunaldietan parte hartzeko beharrezkoa da bertaratzea baieztea. Horretarako, hurrengo helbide elektronikora idatzi beharko da: info@gernikagogoratuz.org.