Ibarzabal, Galletebeitia eta Enbeita, Bizkaiko txapela buruan janztera
Zapatuko finalerako prest daude bertsolari guztiak, «onena emateko gogoz». Aspaldiko txapelketarik parekatuena dela esan dute, eta ez dute inor faborito argitzat jotzenNerea Ibarzabal Salegi, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Onintza Enbeita Maguregi Bi...
Zapatuko finalerako prest daude bertsolari guztiak, «onena emateko gogoz». Aspaldiko txapelketarik parekatuena dela esan dute, eta ez dute inor faborito argitzat jotzen
Nerea Ibarzabal Salegi, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Onintza Enbeita Maguregi Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala irabazten ahaleginduko dira zapatuan 17:00etan Bilboko Miribillan jokatuko den finalean.Beraiekin batera eta finaleko zortzikotea osatzen, Aitor Bizkarra Ruiz, Eneko Abasolo Txabarri Abarkas, Etxahun Lekue Etxebarria, Jone Uria Albizuri eta Miren Amuriza Plaza ariko dira oholtzan.
Finalaren atzoko aurkezpen agerraldian, «gogotsu, etxeko lanak eginda eta finalari itxaroten» dagoela esan zuen Xabat Galletebeitiak. Lekeitiarrak azpimarratu du «gorputzaldi onagaz» iritsi dela finalera, «egindako lanagaz eta txapelketagaz gustura». Egindako lana erakusteko gogoa daukan arren, bere buruarekiko kendu beharreko zor bat ere badaukala aitortu du: «Berrizen jokatu genuen finalaurrekoan asko sufritu nuen, nik neuk bakarrik dakit zenbat. Nigaz batera, nire ingurukoek ere asko sufritu zuten». Pasatako horri buelta eman eta justu horretarako leku aproposena ez den arren, finalean gozatzen eta gozaarazten saiatuko naiz».
Onintza Enbeita muxikarrak ere asmo beretsua dauka. Finalera «nahikoa urduri» heldu dela aitortu zuen atzo, baina beti bezala oinak lurrean eduki eta ahalik eta hobekien egiten saiatuko dela esan zuen, «beste zazpi bertsolariak bezala».
Nerea Ibarzabal markina-xemeindarrak ere orain artekoaren balorazio positiboa egin du: «Pozik nago, laburra egin zait txapelketa. Finalerdietan sartu naizenez, beste gorputzaldi bat daukat orain». 2016ko finaleko berritasuna izan zen Ibarzabal, baina kartel hori atzean utzi eta aurten garrantzia emango dio «postu batean edo bestean geratzeari». Finaleko zortzikoa osatzen dutenei buruz ere harro mintzatu da Ibarzabal: «Aurten bereziki oso lagun sentitzen ditudan bertsolarien lagun talde bat gara, eta seguru nago saio ona egingo dugula».
Zapatura arte Bizkaiko txapeldun den Etxahun Lekuek aitortu zuen bere ustez «inoiz baino faborito gehiagoko finala» dela eta zortzikoteaz gain, beste hainbat bertsolarik zeukatela finalera iristeko aukera. Ildo beretik mintzatu zen Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidentea ere. Haren esanetan, «aurtengo txapelketako irudia baso koloretsu baten irudia izatearen arrazoia bertsolaritzaren ekosistema osoa irudikatu nahi izatea da».
Txapela, Enbeitak
Zortzi bertsolarietako baten buruan txapela janztearen ohorea Jon Enbeita Ealo bertsolari muxikarrak edukiko du, «Bizkaiko Bertsozale Elkarteak egin nahi izan dion omenaldi txiki bat». Enbeita bost aldiz ailegatu da Txapelketa Nagusiko finalera, eta 1980. urtean bigarren egin zuen. Bizkaikoan ere bost alditan iritsi da finalera, eta 1990ean eta 1992an Araba-Bizkaiko txapeldun izan zen.
Bilboko final handiak bi atal edukiko ditu: A atala eta B atala. Lehenengoan, zortzi finalistek parte hartuko dute, eta bigarrena buruz burukoa izango da. «Atal biak batuta puntu gehien lortzen dituen bertsolariak jantziko du txapela». Lehenengo atalean zortziko nagusian hiruna bertso ofiziotan, zortziko txikian beste hiruna bertso ofiziotan, hamarreko txikian beste hiruna ofiziotan eta bakarkako lanean puntua emanda bertso bi zortziko txikian eta gaia emanda hiru bertso doinu eta neurri librean abestu beharko dituzte. Beste atalean, ostera, zortziko txikian eta seiko motzean hiruna bertso abestu beharko dituzte ofiziotan. Kartzelakoan gaia emanda hiru bertso bota beharko dituzte, ohi denez, doinu eta neurri librean.
Bide luzea finaleraino
Lana epaitzeaz Ander Txakartegi Basterretxea berriatuarra, Mirari Azula Aurrekoetxea lekeitiarra, Joseba Santxo Uriarte, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Miriam Juaristi Urizar ariko dira. Idazkari lanetan Itziar Basterretxea Olarreaga ondarrutarra ariko da, eta Idoia Anzorandia Kareaga eta Maite Berriozabal Berrizbeitia izango dira gai jartzaileak.
Ibarzabalek, Galletebeitiak, Enbeitak, Lekuek, Uriak eta Amurizak ostera ere parte hartuko dute, 2016an egin zuten bezala. Abarkasek, berriz, 2010ean lehiatu zuen finala, eta lehen aldiz ariko dena Aitor Bizkarra abadiñarra izango da.
Baina finalera iristeko bidea ez da motza izan: «Finalera heldu aurretik ibilbide luzea egin du txapelketak. Apirilean eta maiatzean jokatu zen Udabarriko fasea; hamahiru saio jokatu ziren, eta 78 bertsolarik parte hartu zuten». Udazkenean kanporaketekin hasi ziren, eta lehiatu ziren bost saioetan 30 bertsolari aritu ziren. Horietatik hamar sailkatu ziren, eta finalaurrekoetan zeuden zortzirekin batu ziren. Hiru finalaurreko lehiatu ostean, Berrizen, Igorren eta Lekeition, zapatuan jokatuko dute finala.
Bilboko finalerako sarrerak salgai daude. Zapatu goizera arte www.bertsosarrerak.eus webgunean daude eskuragarri, eta zapatuan bertan, ostera, Bilbao Arenako txarteldegian 12:30etik aurrera.
Finalera joateko asmoa daukatenentzat hainbat ohar zabaldu ditu Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Garraio publikoa erabiltzeko edo zenbait herritako bertso eskolek antolatutako autobusetan izena emateko eskatu du. Markina-Xemeindik, esaterako, autobusa antolatu dute, eta gaur da izena emateko azken eguna: «Irteera 14:00etan izango da, autobus geltokitik; itzulerarako bi aukera egongo dira: 22:00etan Miribilla aurrean edo 03:00etan udaletxe parean. Joan edo etorri bakarrik ere egin ahalko da. Izena bihar orduko eman behar da Baskaran estankoan». Muxikatik ere egongo da autobusa, udalak antolatuta. 15:30ean irtengo da Kurtzerotik, eta Ariatzan eta Zugastietan ere batuko ditu herritarrak. Liburutegian eman behar da izena, gaur 20:00ak baino lehen: 645 00 66 63 telefono zenbakian edo liburutegia.muxika@bizkaia. org helbidean. 3 euro ordaindu behar dira, eta muxikarrek edukiko dute lehentasuna.
Ateak finala baino ordu eta erdi lehenago zabalduko dituzte, 15:30ean. Elkarteak garaiz joateko gomendioa egin du, «trabarik ez egoteko». Gurpildun aulkian finalera doazen bertsozaleek aurretiaz antolakuntzari jakinaraziz gero, beste hainbat gomendio emango dizkietela zehaztu dute; bizkaikotxapelketa@bertsozale.eus helbidea dago erabilgarri. Umeen gunea aurten ere jarriko du antolakuntzak. Antolatzaileek gomendioei jarraitzeko eskatu dute.