Biktimen testigantzak dakartza Sarek Busturira eta Gernika-Lumora
Sufrimenduaren kartografia integrala helburu lanaren aurkezpen hitzaldia egingo du Foro Sozial Iraunkorrak bihar 19:00etan Gernika-Lumoko Astran. Horretarako, Taxio Agirrezabalaga foroko kidea gerturatuko da udalerrira, eta besteren artean, alde ezberdinetako biktimen testigantzak jasotzen dituen ikus-entzunezko jarriko du. Busturiko Sarek, berriz, irudi eta kontakizunak “mugatuak” direla arrazoituta, presoen seme-alaben lekukotzei eman die garrantzia, eta astelehenean 19:00etan Altamirako Kultur Etxean solasaldia egingo dute.
Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna izan zen astelehenean (abenduaren 10a), eta hori aitzaki hartuta antolatu dute Astrako biharko aurkezpen ekitaldia: “Urteko beste edozein momentutan aurkeztu daitekeen sufrimenduaren kartografiari buruzko lana da, baina giza eskubideen egunagaz hasi den aste honetan aurkeztea egokiena iruditu zitzaigun”.
Bake prozesuan laguntzeko eta gatazkaren konponbidea errazteko gizarte zibileko hainbat erakunderen artean osatutako espazio dinamizatzailea da Foro Soziala, eta hiru lan esparru nagusi ditu: armagabetzeari dagokiona, preso, iheslari eta deportatuen eskubideei buruzko atala, eta memoria eta bizikidetza gaiak lantzen dituena. Hala, azken atal horren barnean gogoeta eraginez sortutako lana da Sufrimenduaren kartografia integrala helburu; bi urtetan egindakoa.
Euskal gatazkako biktima guztien sufrimendua aitortzea helburua duen txosten hori azalduko dute egileek bihar, Astran. “Konplexua da oso, euskal gatazkaren kasuan, giza eskubideen urraketen eta bestelako sufrimenduen arteko muga marraztea. Testuinguru politikoak, biolentziaren eragiletzak, tokian tokiko legediak… eragin handia daukatelako”, adierazi dute analisiaren egileek. Hala, baina, ahalik eta sufrimendu mota anitzenak bildu dituzte bihar aurkeztuko duten lanean, eta horien existentzia euskal gizarteari ezagutarazi nahi diete.
Gernika-Lumoko Sareko ordezkariek, gainera, lana burutzeko udalerrian bertan egin zutela Foro Sozialeko ekimen bat gogorarazi dute: “Bi urtetako ekimenaren emaitza da lana, eta hori burutzeko prozesuaren baitan Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenean batu ginen gatazkaren lekukoekin”. Hala, euskal gatazkako aitortza desberdinak ezagutzera gonbidatu dituzte herritarrak.
Astelehenean, Busturian. Presoen seme-alabek bizi duten egoera plazaratuko du Busturiko Sarek astelehenean Altamirako Kultur Etxean. “Izkutuan egon den komunitatea” ikusgarri egin gura du, gurasoak espetxean dituzten haur eta nerabeena. Hala, Busturialdekoak diren eta preso dauden Ibon eta Eneko Goieaskoetxea eta Kepa Arronategiren senideen testigantzak entzun ahalko dira astelehenean.
Bertan, gurasoak espetxean edukitzea zelan bizi duten, nola egiten dieten aurre egoerari edota zelan bizi duten gurasoek zigorra ezohiko baldintzetan bete behar izatea aztertuko dute. Eguneroko bizitzan ez ezik, egoerak euren garapena zelan baldintzatzen duen landuko dute.
Busturiko Sarek jakinarazi duenez, ekimenari bukera emateko, egungo kartzela politikaren beste testigantza batzuk ere bilduko dituzte: espetxez espetxe ibili diren gurasoena hain zuzen. Horretarako, abenduaren 21ean 19:00etan Azken Arnasa Arte filma proiektatuko dute. Eta gero, Koldo Zelestino zuzendariagaz solasaldia egingo dute. Ikus-entzunezko horrek presoen gurasoen jarrera islatzen du, “eredugarria eta txalogarria” den jarrera Sareko kideen ustetan.
Ekitaldi horiek ezeze, Motxiladun Umeak deitutako erakusketa interaktiboa egongo da ikusgai astelehenetik barikura (abenduaren 21a) bitartean Altamirako Kultur Etxean.