Arrantza, Bermeoren isla
Liher Goienetxea Astillas artista bermeotarrak beste urte batez bere lanak erakusgai jarri ditu Nestor Basterretxea aretoan, joan den mende hasierako bizimoduan murgiltzeko.Bermeon, herriko ondare eta kulturari errespetu handia zaio. Bermeotarrek jakin...
Liher Goienetxea Astillas artista bermeotarrak beste urte batez bere lanak erakusgai jarri ditu Nestor Basterretxea aretoan, joan den mende hasierako bizimoduan murgiltzeko.
Bermeon, herriko ondare eta kulturari errespetu handia zaio. Bermeotarrek jakin badakite itsasoak eta arrantzak herrian izan duen eta izaten jarraitzen duen eragina eta garrantzia nolakoak diren. Denborak aurrera egin ahala tradizio asko galtzen joan badira ere, bizimodu horrek ondo errotuta jarraitzen du.Horren erakusgarri, Liher Goienetxea Astillas herriko margolariak Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan jarritako erakusketa. «Antzinako bizitza» islatu du lanez lan, beti Bermeon eduki duten itsasoko bizimodua, hain zuzen.
Erakusketan jarritako 60 artelanetan, joan den mende hasieran herrikoek bizi zituzten ohiko egoera eta une arruntak azaltzen dira batez ere: arrantzaleak portuko ontziak kargatzen edota horiek konpontzeko lanak egiten, emakumeak arrainak zestetan pilatzen, edota Bermeoko paisaiaren irudi orokorrak. Hala eta guztiz ere, itsasoa da artistak egindako lanetan azaltzen den erabateko protagonista.
«Oroimena da beharbada gehiago helduko ez den denbora baten erretratua», dio Astillasek. Arrantzan aritzea inoiz asko gustatu ez zaion arren, txikitatik barneratutako bizimodutzat dauka. Hala, bizitako beste garai bat islatu du koadroetan.
Margotzeaz gain, pirograbatu teknikaren bidez eman dio bizitza Goienetxeak bildumari. Egur gainean akuarelekin margotu ostean, itzalak egur hori erreta lortzen ditu margolariak. Lanak horrela sortuta, itzal eta gerizpeekin jolastu eta haiei tonu desberdinak ematen dizkio, koadroei bizitasun handiagoa emanez.
Erakusketa abenduaren 16ra arte egongo da ikusgai. Sarrera doakoa da, eta Nestor Basterretxea aretoa 19:30etik 21:30era bitartean egongo da irekita, beste garai batean murgildu nahi duten guztientzat.