Udaberrian hasiko dira BI-633 errepideko lanak
Bizkaiko Foru Aldundiak Markina-Xemein eta Berriatua arteko errepideko (BI-633) lanen proiektua onetsi du. Aurreikusi dutenez, datorren urteko bigarren hiruhilekoan hasiko lirateke lanak. 4.592.000 euroko aurrekontuagaz, obrak hogei hilabeteko epean be...
Errepide horretako hobekuntza lanen lehenengo fasean Markina-Xemeindik Urberuagarainoko tartea hobetu zuten. Eta bigarren fasea 2018an hastekoa bazen ere, atzeratzen joan da, eta orain esan dute datorren urtean egingo dutela. Dena den, lan horiek kezka eragin dute Lea-Artibain eta Mutrikun. Izan ere, epeak errespetatuz gero, Mutriku-Deba (GI-638) errepideko lanekin bat egingo dute.
Aldundiak esan duenez, BI-633 errepideko lanen bigarren fasean sarrera eta irteeretan egingo dituzte hobekuntzak, «iriste erraztasuna hobetzeko». Lanak egingo dituzten tartea Markina-Xemeingo Ubilla-Urberuaga auzotik Berriatuko Erribera auzoraino (butano enpresa zegoen lekura arte gutxi gorabehera) luzatuko da. «Obrek Larruskain-Amalloa auzoa zeharkatuko dute. Guztira, jarduketak 1.700 metroko tartean egingo dira».
Errepide horretatik bataz beste egunero 6.186 ibilagilu pasatzen direla esan dute. «%8,6 ibilgailu astunak dira».
Zehaztu dutenez, egingo dituzten lanak «istripuak gutxitzeko eta bidearen gaur egungo baldintzak hobetzeko» izango dira. «Bihurgune batzuk zuzendu eta trazadura hobetuko da, ikusgarritasuna hobetuz». Gainera, konexioak eta bidegurutzeak ere birmoldatu egingo dituztela diote. «Gaur egungo balizatze sistemak hobetu egingo dira, bai eta oinezkoentzako ibilbideak ere; trazaduraren amaieran jarraikortasun espaloia ipiniko da».