Ailegatu da lehen porrota
Ligan galtzen duen lehen partidua da Lointek Gernika Bizkaiarentzat. Erreginaren Koparako sailkapena lortu dute. Hirugarrenak dira orainBederatzigarren partiduan heldu da ligako lehen porrota Gernika Bizkaiarentzat.Lointekek ligako partiduak garaipenek...
Ligan galtzen duen lehen partidua da Lointek Gernika Bizkaiarentzat. Erreginaren Koparako sailkapena lortu dute. Hirugarrenak dira orain
Bederatzigarren partiduan heldu da ligako lehen porrota Gernika Bizkaiarentzat.Lointekek ligako partiduak garaipenekin zergatik zenbatzen zituen erakutsi zuen asteburuan, liderraren kantxan maila oso ona erakutsita. Mario Lopezen neskek beraiek bezala guztia irabazita zeukan taldea eduki zuten aurrean eta partiduaren azken hatseraino estu hartu zituzten aurkariak.
Partida hasieran Gwathmey izan zen gernikarren jokalaririk aipagarriena. Lointekek defentsa lan ona egin zuen, eta erasoan ere ondo aritu zen. Lehen laurdena 19-15 amaitu zen. Bigarren laurdenean Lointekek urrats bat egin zuen aurrera, eta 13. minutuan, 24-23 zegoen markagailua. Lerroak aurreratu zituen Mario Lopezek salamankarrei arazoak sortzeko asmoz, eta Dietricken jokaldi batek eta Berezhynskaren hiruko batek 27-28 aurreratu zuten Lointek. Baina atsedenaldirako minutu bakarraren faltan, 7-0eko partziala egin zuten etxekoek.
Aldageletatik bueltan lehiatzen jarraitzeko ezin zieten etxekoei aldea handitzen utzi, eta horren asmoagaz, 0-10eko partziala sartu zieten. Lointek gero eta sendoago zegoen kantxan, eta markagailuan bietako inork ez zuen lortzen aldea zabaltzea; «aipagarria izan zen partiduaren zati horretan Dietrickek eta Berezhynskak egindako lana», esan dute Lointekeko arduradunek. 58-57 amaitu zen hirugarren laurdena.
Baina laugarrenaren hasieran etxekoen bi saskiratzek eta Lointekek erasoan edukitako eraginkortasun faltak 63-57 aldendu zuen markagailua. Etxekoek puntuak batzen jarraitzen zuten, eta sei minuturen faltan, 71-59 zihoazen. Partiduak erabakita zirudienean, Lointekek lan izugarria egin zuen, eta 37. minutuan, 72-69 jarri zuten Wurzburg kantxako markagailua. Azken hatsean sartu ez zen Roundtreeren hirukoak eta Robinsonen saskiratzeak 74-69 zabaldu zuten markagailua; azkenean, Lointekek ez zuen erasoa baliatu, eta Robinsonek partidua amaitu zuen. Azkenean 78-71.
Jokatuko duten hurrengo partidua Eurokopakoa izango da. Bihar 19:00etan Clube Uniao Sportiva taldea hartuko dute Malosten, eta sailkapena lortzeko beharrezkoa izango dute garaipena lortzea. Horrez gain, Gyor taldeak, iragan astean gernikarrak menderatu ostean, Gironaren kantxan galtzea ere beharrezkoa izango da Lointekek bigarren sailkatu gisa hurrengo kanporaketarako sailkapena lortzeko.
Erreginaren Kopara
Lointekek lortu du dagoeneko Erreginaren Koparako sailkapena. Mario Lopezen esanetan, modu horretan bederatzigarren jardunaldirako beteta daukate helburuetako bat. Gaineratu du aurtengo txapelketa Gasteizen jokatuko denez, «gogo berezia» zeukatela sailkapena eskuratzeko: «Zaletuek bidaia erraza edukiko dute taldea animatzera etortzeko. «Oraindik urrun geratzen da otsailaren 28a, baina dagoeneko sailkatuta egoteak lasaitasuna ematen digu. Behin jokatu dugu txapelketa hori, eta ilusio handia egiten digu beste behin jokatzeak».