Errotutako tradizioa. Bizirik jarraitzen duen ohitura. Marijesiak dira abenduko kale hotzak berotasunez betetzen dituzten Gabon koplak, Gabonak iragartzeko elementu sinbolikoak. Abenduko koplen kantu tradizio horrek bizirik dirau Bizkaiko herri askotan; baita Busturialdekoetan ere: Gernika-Lumon, Gautegiz Arteagan, Muxikan, Ibarrangelun, Busturian eta Ean, kasu.
Atzo, Bizkaiko Marijesien Bederatzigarren Topaketa egin zuten Gernika-Lumon. Makilez lagunduta,
Andra Mari elizan elkartu eta kantaldia eman zuten Bizkaiko hainbat herrietatik hurbildutako zortzi taldek. Udalerriko marijesiez gain, Muxikako, Gautegiz Arteagako, Eako, Ibarrangeluko, Busturiako, Lekeitioko eta Iurretako taldeak egon ziren 19:00etan hasi zen emanaldian.
Busturiko Marijesiek lehenengoz parte hartu dute aurten Bizkaiko Marijesien Topaketan
“Gaur egun, tradizioak, Busturialdean, Lea-Artibain eta Durangaldean dirau bizirik, eta kasu guztietan balio berezi bat hartzen du bertako bizilagunentzat”, esan zuen Denis Azkarate Gernikako Marijesiak taldeko kideak atzo.
Hala, lekuan lekukoa mantenduz, bakoitzak bere erara abestu zituen atzo euren herrietan ohikoak diren kantuak; zein baino zein bitxiagoak.
Marijesiak, Abenduak, Kebonikuak… hainbat izenez dira ezagunak, baina, kantatzen dituzten abestien letrak edota doinuak eta erritmoak antzekoak dira, herriz herriko aldaerak eduki arren.
Aurten, Gernikako Marijesiak izan ziren emanaldia antolatzeaz arduratu zirenak, eta taldeak banan-banan atera ziren agertokira. Lehenengo batzuk, eta gero beste batzuk, guztiek, “goxo-goxo” abestuz. Hala, Marijesiak ondare ukiezin eta ukaezinak direla erakutsi zuten. Batera abestu zuten hainbat taldeetako kideek, eta bakarlariaren eta taldearen arteko elkarrizketa burutu zuten beste batzuek; geldi edota mugimenduan egon ziren, eta, ikuskizun ederra eman zuten.
Koplak abestu ondoren, talde guztietako partaideak agertokira atera eta Hator-Hator abestu zuten, ekimena kantuz amaitzeko.
Hala, Gabonen atarian Lea-Artibain, Busturialdean edota Durangaldean abesten dituzten
erronda kantuak hurretik ezagutzeko aukera ere izan zuten bertaratutakoek.
Omenaldia. Elizan kantaldia eman aurretik, Gernika-Lumoko Udalak Gernikako Marijesiak omendu zituen Adolfo Urioste kalean, eta beraien omenez jarritako kale argia piztu zuten; Gernikako Marijesien logoaren itxura dauka kale argi horrek. Udalak Marijesiekin izandako “keinua” eskertu zuen atzo Denis Azkaratek: “Marijesien partez, eskerrik asko udalari keinu hori herriko kaleetan jartzeagatik”.
Adolfo Urioste kalean dagoen Marijesien kale argia
Bere aldetik, Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko
alkateak urtero-urtero tradizioa mantentzeagatik egiten duten
lana eskertu zien Marijesiei: “Urte luzeko tradizioa mantentzeko lan handia egin behar izan du herritar askok. Horregatik, bertan daudenei eta egon ezin direnei eskerrak eman nahi dizkiegu, ederra den ohitura mantentzeagatik”. Hitz horiek esanda, eta kale argi hori ilusio handiagaz egin dutela azpimarratuta, argia piztu zuten.
Azkaratek, gainera, herritarrak
Marijesietan parte hartzera animatu zituen. Gernikako Marijesiak
bederatziurren osokoan (Gabon egun aurreko bederatzi egunetan) aritzen dira abesten, eta leihoetara edo balkoietara ateratzen diren herritarrei ere Marijesien esker ona adierazi zien: “Eskertu egin nahi dizuegu bederatziurrenean zehar leiho edo balkoietara ateratzen zareten guztioi. Gure kantuek ez daukatelako zentzurik zuek entzuteko prest ez bazaudete”.
Abendu santu honetan, kristoren jaiotzian.. kopla abestuz bukatu dute