EH Bilduk Busturialdeko Ur Partzuergoaren bideragarritasuna berretsi du

2019ko aurrekontuan inbertsioetara bideratutako kopurua iazkoa baino %13 gehiago da

Busturialdeko Ur Partzuergoaren kontseilu orokorrean aho batez onartu zuten 2019. urteko aurrekontua eguaztenean; 6.351.765,28 euroko aurrekontua da, 2018koa baino %2,85 altuagoa. Inbertsioetara bideratutako kopurua aurrekontuaren %20,40an finkatu zuten gainera; hau da, 1.375.000 eurotan. Guztira, inbertsioetara bideratutako dirua, iaz baino %13 gehiago da. Hori horrela, Busturialdeko Ur Partzuergoa teknikoki eta ekonomikoki “bideragarria” dela esan du, beste behin, EH Bilduk.

Koalizio abertzaleak jakinarazi du EAJrekin izandako bileretan behin eta berriz “elkarrekin” Busturialdeko Ur Partzuergoa “sendotzearen” alde egin dutela: “Beharrezko pausoak emateko eskua luzatu diegu”.

Ur partzuergo publikoaren aldeko agerraldia

Ur partzuergo publikoaren aldeko agerraldia egin zuten Gernika-Lumon udan.

Ur partzuergoak duen erronka nagusiena agorte sasoian izaten duen ur eskasia da. Hala ere, arazoak  badaukala konponbidea eta hori aspalditik “definituta” dagoela gogorarazi du EH Bilduk: “Ur eskasiaren arazoak badauka irtenbidea. Hain zuzen, Bizkaiko Foru Aldundiak 2011. urtean idatzitako proiektuaren gauzatzea”. Oizetik jaisten den hoditeria berriztea eta bertan ur hartune berri bat egitea da proiektuak zehazten duena.

Konponbidea edukita, Bizkaiko Foru Aldundiak zergatik ez duen aurrekontuko diru sail bat hoditeria berriztera bideratzen galdegin du koalizio abertzaleak. “Ez dugu ulertzen zergatik ez zaion horri bidea ematean. Izan ere, modu horretan, beraien HAPOak geldiarazita dituzten Busturialdeko herriek euren herri planteamentuak burutu ahalko dituzte. Gainera, behingoz, daukagun agorte arazoari amaiera emango genioke”.

Hala, EH Bilduko ordezkariek jakitera eman dutenez, adi begiratuko die 2019. urteko aurrekontuari, “Oizeko hoditeria berriztatzera bideratuta dagoen diru saila dagoen edo ez ikusteko”.

Ur partzuergoak duen erronka nagusiena agorte sasoian izaten duen ur eskasia da. Hala ere, arazoak  badaukala konponbidea eta hori aspalditik “definituta” dagoela gogorarazi du EH Bilduk

Busturialdeko Ur Partzuergoko ordezkariek azaldu dutenez, 2019. urteko inbertsio gehienak hornikuntza eta saneamentuetako instalazioak “berrizteko eta eguneratzeko proiektuak garatzeko” erabiliko dituzte.

Jeltzaleek obra martxan jarri beharrean Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaian integratzeko planteamendua mahaigaineratu zutela uda inguruan salatu du koalizio abertzaleak. Gainera, eguaztenean egindako kontseiluan integrazioari buruzko informaziorik jaso ez zutela ere adierazi zuten EH Bilduko ordezkariek: “Kontseiluan BUP Bilbao Bizkaian integratzeko emandako pausoen berri eman ez bazuten ere, Bilbao Bizkaiaren aldeko publizitatea egiten dabiltza. Besteak beste, BUPren fakturekin batera bidaltzen dituzten eskuorrien bitartez egiten dute hori, zeintzuetan publizitate faltsua emanten den; prezioa merkeagoa izango dela esaten dute-eta”.

Horregatik, jeltzaleak “kosta ala kosta” eta administrazio prozedurak “saltatuaz” uraren kudeaketa Bilboko metropolian kontzentratzeko pausoak ematen hasi direla kritikatu dute EH Bilduko ordezkariek: “Guretik gero eta urrunago dagoen erakunde batera pasatu nahi dute kudeaketa, udala eta eskualde eskalatik oso urrun dagoen egitura batera”. Gainera, Bilbao Bizkaian erabakiak “ordezkaritza gutxi” dituzten organoek hartzen dituztela, eta langileen %60 azpikontratatuta dela adierazi dute.

BUP eskualdean mantentzeko kartelak jarri zituzten udan eskualdeko herrietan

BUP eskualdean mantentzeko kartelak jarri zituzten udan eskualdeko herrietan

Nabarnizko Udalaren eskaria. 2016. urtean Nabarnizko Udalak Busturialdeko Ur Partzuergoan sartzeko eskaera ofiziala egin zuen, baina, ez dute oraindik erantzunik jaso; berriki, gainera, gutun bat bidali dute erantzun eske.

Eguaztenean ospatutako osoko bilkuran, Bermeoko udal ordezkariek gai ordenan Nabarnizko Udalak egindako eskaria sartzeko  proposamena egin zuten, baina, gehiegoak ezetza bozkatu zuen. Hau da, EAJko udal ordezkariek, Aldundiko ordezkariak eta BUPeko presidentea den Iñaki Gorroñok gaia ez tratatzeko  bozkatu zuten kontseilu orokorrean. Ezetza justifikatzeko, Juan Felix Naberanek esan zuen Busturialdea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin hitz egiten egoteak ez zeukala zerikusirik Nabarniz BUPen integratzearekin.

Hala ere, EH Bilduk ez du ulertzen zergaitik Nabarnizko Udalak bi urte luzetan ez duen erantzunik jaso. Ezta “bertokoa” den estruktura eta ura eskualdetik kanpo eramatearen arrazoia zein den ere.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend