Nesken Nazioarteko Topaketak 40 puntista elkartu ditu Berriatuan

Euskal Herriko, Frantziako eta Bartzelonako ordezkaritza zabala eduki du topaketak. Kinielak, partidak eta Xistera Zirkuituko norgehiagokak jokatu dira Mendibarrenen

Emakumeen zesta-punta bizi-bizi dagoela erakutsi dute pilotariek asteburuan Berriatuan ospatu duten Xisterako Nesken Nazioarteko Topaketetan. Guztira, 40 puntista batu ziren zapatuan eta domekan, Mendibarren frontoian; Euskal Herriko, Frantziako eta Kataluniako ordezkaritza zabala eduki dute topaketek. Xisteraren baitako klubez gain, Pamiers, Tolouse eta Vasconia Barcelona taldeko pilotariak ikusteko aukera eduki dute zesta-punta zaleek. Ainara Gurrutxagaren kasua ere nabarmendu dute. «Aita azpeitiarra du, ama kataluniarra eta Bartzelonan bizi dira, eta, beraz, Bartzelonako taldean ari da».

Zesta-puntan jokatu eta beste talde batzuetako pilotariekin partekatzeko aukera ere eduki dutela jokalariek azaldu dute Xistera klubekoek. Topaketek, gainera, adin ezberdinetako kirolariak batu dituztela esan dute, umeetatik hasi eta helduenganaino iritziz. «Beste urrats bat eman du emakumeen zesta-puntak», azpimarratu dute, eta datorren urtera begira jarri dira. «Poz-pozik zeuden denak amaieran».

Zapatu goizean kinielak jokatu zituzten puntistek, eta Nicolas-Gurrutxaga, Goienola-Revilla eta Aldazabal-Perez izan ziren irabazleak. Arratsaldeko kinieletan, berriz, Idoeta-Otaño, Idoeta-Elezgarai eta Otaño-Arai izan ziren irabazleak. Ondorengo hiru partiduetan, ostera, Arakistainek eta Arbek 2-0 irabazi zieten Uclesi eta Calvori (15-7 eta 15-14), Laugiek eta Merinok 2-1 hartu zituzten mendean Ortiz de Mendibil eta Garcia (14-15, 15-5 eta 5-3) eta, azkenik, Cañisek eta Lizardik 2-0 irabazi zieten Aldazabali eta Perezi (15-11 eta 15-13).

Domekan ere kinielak jokatu zituzten pilotariek, eta Miren-Uzuri, Beltran-Arai eta Cañis-Arai izan ziren kinieletako irabazleak.

Nesken Xistera Zirkuituko partidak ere jokatu dira Berriatuko topaketen baitan. Mendibil eta Arriola 2-0 nagusitu zitzaizkien Arakistain eta Merinori (10-15 eta 3-15). Aldazabalek eta Campok irabazi zuten zirkuituko bigarren norgehiagoka. Pareko ibili ziren Aldazabal-Calvo eta Arakistain-Arriola bikoteak. Emozioz betetako partidua eskaini zuten, eta hiru joko estuen ostean, azkenengo tantoan erabaki zen partidua: 14-15, 15-12 eta 5-4.

Zumaiako irabazleak

Gizonezkoen Xistera Zirkuitua ere aurrera doa. Bariku gauean amaitu zen Zumaiako Xistera Ugarein Zirkuituko Torneoa, eta Agirre-Olazagasti gazte mailan eta nagusietan Goixerri mutrikuarra eta Elkorobarrutia markina-xemeindarra izan ziren onenak. Goixerrik eta Elkorobarrutiak erraz irabazi zuten Zumai- ako finala. Goixerri izan zen finaleko protagonista nagusia, eta Elkorobarrutiak primeran lagundu zion atzean.

Tolosako Ugarein Xistera Zirkuituko Elolaren Oroimenezko Torneoko kanporaketak ere asteburuan jokatu dira. Gazte mailan, Berge eta De Betelu izan ziren irabazleak; bigarren geratu ziren Arrillaga eta Iturralde; biek jokatuko dute zapatuko finala. Nagusietan, Antxon etxebarritarra eta Manzi mutrikuarra atera ziren garaile, eta Anton eta Sanchez geratu ziren bigarren. Finalean egongo dira laurak.
Ez dago iruzkinik

Send this to friend