Mutriku eta Deba lotzen dituen zubia martxoan zabalduko dutela diote

Denis Itxasok dio zubia berreraikitzeko ezohiko obra konplikatu bat egin behar dela. Mutriku eta Debako alkateak pozik daude lanak, «poliki bada ere», aurrera doazelako

Mutriku eta Deba batzen dituen zubia desmuntatu eta berreraikitzeko larrialdiko lehen faseko lanek aurrera jarraitzen dute. Eta lanen nondik norakoak bertatik bertara ezagutzen egon dira Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura diputatua, Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea eta Pedro Bengoetxea Debako alkatea. Aurreratu dutenez, oinezkoen pasabidea martxoan zabalduko dute.

Lanak duela aste batzuk hasi zituzten, eta orain, uztailean kolapsatu zen gangari eusteko, Mutrikuko ertzetik Debako ertzeraino joango den tamaina handiko egitura osagarri metaliko bat ari dira jartzen zubi gainean, lehen eta hirugarren zutabeen gainean. Era berean, oinezkoen sarbide bat ipiniko dute Mutriku eta Deba lotzeko. «Egitura jarri ondoren, egitura osagarriaren laguntzarekin elementu metaliko batzuk botako dira azpitik, arriskuan dauden gangei eusteko. Horren segurtasuna bermatu eta baldintzak egokiak direla egiaztatu ondoren, bi alboetarako sarbideak muntatuko ditugu, jendea pasa dadin», azaldu du Iñaki Peña ingeniariak.

«Erortzeko moduan»

150 urte baino gehiago dituen zubia uztailaren hasieran hasi zen hondoratzen. Denis Itxasok azpimarratu duenez, ezohiko obra konplikatu bat egin beharko dute zubia berreraikitzeko. Lanak egiteko erabiliko duten metodo berritzaileak, hain zuzen, zubi bat XIX. mendean zelan eraikitzen zen erakutsiko duela gaineratu du Itxasok. «Zubia finkatu eta gero, piezaz pieza eta harriz harri desmuntatu beharko dute».

Mutrikuko alkatea pozik agertu da obraren garapenarekin. «Poliki, baina, lanak aurrera doaz». Eta Mutrikuko aldean bizi diren herritarrei ere pazientzia eskatu die. «Mutriku aldean bizi direnei esaten diet autobusa hartzeko. Ez dezatela zubia gurutzatu, momentu honetan erortzeko moduan dago eta».
Ez dago iruzkinik

Send this to friend