Munitibarko herri gimnasioa erabilgarri dago berriro ere

Munitibarko Udalak beharrezko hobekuntza lanak egin eta gero, zabalik dago berriz ere herri gimnasioa. Marraixo Kirol Klubak hartu du gimnasioa zabaltzeko ardura. Elkarteko arduradunek esan dute oraindik ere azken ukitu batzuk behar dituela guneak, baina erabilgarri dagoela.

Hainbat aldaketa egin dituzte, batzuk erabiltzaileei eragingo dietenak. «Orain gimnasioara frontoitik sartu beharko da». Beste alde batetik, rokodromoa egitea erabaki zuen elkarteak iaz, eta amaitu berri diren lanetatik atera den 2. solairuan egitea erabaki dute; urtarrilerako amaituta egotea espero dute. Baina horrek asteburu batzuetan lanak egin behar izatea suposatuko du: «Lanen informazioa zabalduko dugu, erabiltzaileek jakin dezaten lanak noiz egingo diren».

Amaitu berri diren lanek iraun bitartean bazkideek gimnasioa erabilgarri eduki ez duten egunak bazkidetza epeari gehituko dizkiotela azaldu dute. Horretarako udaletxera joan beharko dira herritarrak.

Giltz berria

Frontoiko atean giltz magnetikoa jarriko dute laster, eta bitartean, gimnasiora sartzeko beharrezko giltza udaletxean hartu beharko da, 1,80 euro ordainduta; udaletxera joatean kopiarik ez balego eskuragarri, erabiltzaileek kopia berriak iritsi arte zain egon beharko lukete. Azpimarratu dute giltz magnetikoa jartzen dutenean, azken hori aktibatzera eta bestea bueltatzera udaletxera itzuli beharko direla: «Giltz magnetikoa jartzen denean, aurrekoa baliogabetuta geratuko da».

Gimnasioaren erabilerari buruzko azalpen gehiago behar dutenentzat Marraixo Kirol Klubak marraixokk@gmail.com helbide elektronikoa jarri du eskuragarri.
Ez dago iruzkinik

Send this to friend