Lekeitio Futbol Taldeak 430 euro eman dizkio herriko Elikagaien Bankuari

Futbol taldeak San Antolin Txapelketan bildu zuen dirua. Elikagaien Bankukoek esker onez jaso dute kirol taldearen ekarpena; urte osoan laguntzen premia edukitzen dutela esan dute

Lekeitio Futbol Taldeak sanantolinetan jokatutako San Antolin Txapelketan bildutako 430 euro eman dizkio Lekeitioko Elikagaien Bankuari. Futbol taldeko ordezkariek domekan eman zioten bildutako dirua Lekeitioko Elikagaien Bankuko arduradunari.

Lekeitio FTkoek azaldu dutenez, txapelketa antolatu zuten momentutik argi zeukaten batutako dirua Lekeitioko Elikagaien Bankuari bideratu ziotela. «Askotan ez gara konturatzen, baina inguruan, oso hurbil, txarto pasaten dagoen jende asko daukagu», azaldu du Ainhoa Elordi Lekeitio Futbol Taldeko lehendakariak. Herriko Elikagaien Bankuko ordezkariak esker ona agertu die futbol taldeko kideei, eta laguntzen premia edukitzen dutela azpimarratu du. «Urte osoan behar dugu laguntza, eta herritarrak laguntzera animatu nahi ditugu. Gainera, herritarrek herriko talde bati laguntzeak asko pozten gaitu», esan du Marisol Iturraspe Lekeitioko Elikagaien Bankuko arduradunak.

Txapelketa solidarioa herriko jaietan ospatu zenez, jende askorik ere ez zela hurreratu esan dute futbol taldekoek. «Txapelketa ikustera ez zen jende askorik ere agertu, baina, behintzat, 430 euro biltzea lortu genuen. Elikagaien Bankukoak esan digu eurentzako hori dirutza dela». Elordik, gainera, herriko gainerako kirol taldeak ere dirua batzeko ekintzak antolatzera animatu nahi izan ditu. «Ez da askorik kostatzen. Gure kasuan arratsalde bateko kontua izan zen».

Herritarren inplikazioa

Gainerako herrietan egin modura, Lekeitioko Elikagaien Bankuak ere joan den astean egin zuen janari bilketa. Baina elkarteak urte osoan lan egiten duela gaineratu du Elordik. «Lan asko daukate, eta beharrizana duten guztiei erantzun bat emateko laguntza behar dute. Beraz, beharrezkoa da herritarrak horrelako ekintza sozialetan gehiago inplikatzea. Herritarrak horrelako ekintzetan parte hartzera gonbidatu nahi ditut».
Ez dago iruzkinik

Send this to friend