Gazteek egindako salaketagatik «kezkatuta» agertu da EH Bildu
Azken hilabeteotan jazarpenak jasan dituztela salatu zuten gazteek orain bi aste. Institutu zein ikastoletan ertzainen presentzia «itogarria» zela azaldu zuten, eta salaketa horiekin «kezkatuta» agertu da Gernika-Lumoko EH Bildu. Hala, herrian bote...
Gazteen esanetan, katxeoak, irainak eta mehatxuak ohikoak izaten ari dira udalerrian. Adin txikiko bat atxikitu zutela ere salatu zuten agerraldian.
Salaketa horiek entzunda, gazteenganako jazarpen oro gelditzeko eta gazteak bakean uzteko eskari irmoa egin du koalizio abertzaleak: «Askatasuna eta beldurra ez dira bateragarriak, eta Gernika-Lumon ez dugu beldurrez bizi nahi. Ez dugu uste inork hori nahi duenik, baina gazteek salatutako egoera bada larritzekoa».
Osoko bilkura
Azaroko osoko bilkura gazteen salaketa baino beranduago ospatu zela aprobetxatuta, bertan mahaigaineratu zuten zeukaten kezka EH Bilduko ordezkariek. Hartara, gazteek salatutako jazarpenei buruz galdegin zuten udal batzarrean. Besteren artean, jazarpenak zergatik ematen ziren eta zeintzuk ziren arrazoiak galdetu zuten. Udal gobernuak, baina, ez zeukala inolako jazarpen polizialen berri esan zuen.
Halaber, ikastetxe eta institutu kanpoaldean ertzainak zein udaltzainak egon badira, beraien lana egiten egongo zirela argudiatu zuten: «Beste edozein arrazoiengatik egongo ziren. Guk ez dugu gazteen salaketaren berririk eduki».