Galbaixoko bidea hiru hileko epean egokituko dutela dio aldundiak

Mutriku-Deba errepideko (GI-638) lanak hasi aurretik, Galbaixoko bidea (GI-3230) konpondu eta egokitu egingo zuela esan zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eta lanak joan den astean hasi ziren. Zehatz esateko, Astigarribia auzoan ari dira egokitzapen lanak egiten, San Andres ermitara joateko bidearen eta Zalbide baserriaren artean. Egokitzapen lanak hiru hilabetean amaituko dituztela aurreratu dute.

«Lanak egiten ari garen tartean bihurgune asko daude, eta errepidea estua da. Tarte hori hobetzeko, 7,25 metroko zabalera daukan plataforma bat egingo dugu». Azaldu dutenez, 7,25 metro honela banatuko dira: 6 metroko zabalera daukan kaltzada (ibilgailuentzat), 0,60 metroko hormigoizko areka eta segurtasun hesia jartzeko 0,65 metroko hormigoizko inposta. «Errepide berriaren plataforma gaur egungo euste hormaren gainean kokatuko denez, tarte horretako ezkerreko bidearen azpian indusketa egin behar da. Zati baten eskubiko aldean egingo da lan hori». Bide trazadura ere zuzendu egingo dutela esan dute.

Tarte horretan, gainera, harlangaitzezko euste hormak daudela eta horiek egonkortu egingo dituztela gaineratu dute.
Ez dago iruzkinik

Send this to friend