Bizkaiko marijesien taldeak Gernika-Lumon batuko dira, zapatuan

Urtero marijesiak dauden herri batean egiten dute topaketa, eta aurten Gernika-Lumoko Andra Mari elizan dute hitzordua. Udalerriko marijesiez gain, Muxikako, Gautegiz Arteagako, Eako, Ibarrangeluko, Busturiako, Lekeitioko eta Iurretako taldeak egongo dira. 19:00etan hasiko da emanaldia.

Lekuan lekuko izenaren arabera, Marijesiak, Abenduak, Kebonikuak… kantatzeko batzearen tradizioa gaur egunera arte mantendu dute aipatu herriotan. Batzuetan, gainera, bederatziurren osokoari (Gabon egun aurreko bederatzi egunekoa) eusten diote. Hala da Gernika-Lumon, Ean eta Gautegiz-Arteagan eta besteetan, ostera, azken egunean ateratzen dira errondan. “Tradizioak, gaur egun, Busturialdea, Lea-Artibai eta Durangaldea eskualdeetako lurretan bizirik dirau, eta kasu guztietan balio berezi bat hartzen du bertako bizilagunentzat”, azaldu du Denis Azkarate Gernikako Marijesiak taldeko kideak. MARIJESI TOPAKETA LEKEITIO

Zapatu honetako topaketan parte hartzen duten talde bakoitzak zein bere herrian kantatzen dituen koplak eskainiko ditu, zein baino zein bitxiagoak; doinu eta letra propioekin. Izan ere, letrak antzerakoak dira, baina, herriz herri aldaerak dituzte zenbait kasutan. Halaber, luzerari dagokionez, ere batzuk luzeagoak dira eta beste batzuk laburragoak.

Gernikako Marijesiak dira aurtengo antolatzaileak eta bertako ordezkariek esan dutenez, “edozelan ere denak dira goxo-goxoak, eta Gabonak iragartzeko euren herrietan elementu sinboliko moduan funtzionatzen dutenak”.

Marijesiak ondare ukiezin eta ukaezin direla iritzita, zapatuko emanaldira bertaratzeko gonbidapena luzatu dute: “Deialdia zabaldu gura dugu Gabonetako antzinako ohitura hau hobeto ezagutzeko aukera ederra delako. Aparteko abagunea da; tradizio honen aldaerak ikusi, entzun eta gozatu ahal izango dituzte herritarrek”.

Omenaldia. Andra Mari Elizako saioaren aurretik, Gernika-Lumoko Udalak Marijesiak omenduko ditu. Adolfo Urioste Kalean, 18:00etan hasiko da ekitaldia.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend