Urremendiren gardentasun falta salatu du EH Bilduk

Urremendi Landa Garapen Elkarteak oraindik ez duela 2018. urteko diru kontuen berririk eman salatu du koalizio abertzaleak. Hala, landa garapen elkartearen gardentasun falta nabaria dela esan du EH Bilduk, eta elkartearen helburuak betetzeko Urremendiren gardentasuna ezinbestekotzat jo dute abertzaleek.

“2018. urtea amaitzen ari da, eta oraindik Urremendik ez du diru kontuen berri eman. Ez dakigu aurten zertan gastatu den elkartearen dirua, ez eta hurrengo urteetan zertara bideratuko den ere. Ez dugu elkartearen aurrekonturik ikusi”, adierazi du EH Bilduk.

Koalizioak dioenez, Urremendik lehen sektorea bultzatu beharko luke, baina ez du bere lana behar bezala bete: “Urremendik lehen sektorea bultzatzeko agente garrantzitsua izan beharko luke, baina, egunerokotasunean egiten dituen ekintzak aztertu eta gero, elkarteak ez duela bere funtzioa betetzen esan genezake”.

Urremendin gertatzen dena “lotsagarria” dela dio EH Bilduk, baita elkartea EAJren gotorlekua dela ere: “EAJk elkartean nahi duena egin eta nahi dituzten pertsonak kontratatzen ditu”.

Kargu aldaketak. Urte hasieran zuzendari berria aukeratzeko prozesua zabaldu zuten Urremendin, eta lehenengo postua lortu zuenak hartu zuen kargua. Uda aurretik, baina, zuzendaritza taldeak hala erabakita, zuzendaria kaleratu zuten, “lanposturako egokia ez zela argudiatuta”. Hori horrela, uda hasieratik gaur egunera arte zuzendari gabe egon da landa garapen elkartea. Orain, EAJk “nahi duena” jarri duela zuzendari postuan kritikatu du koalizio abertzaleak: “Administrari lanetan egon den langilea zuzendari jartzeko asmoagaz, aurretik jarritako baldintzak aldatu dituzte eta berau jarri dute karguan.  Aurreko prozesuan sortutako zerrenda ez da erabili eta ez diote zerrendako hurrengoari deitu”.

Hauteskundeetarako hilabete gutxi geratzen direnean, gainera, Urremendi Landa Garapen Elkartaaren presidenteak ere dimititu du, eta zegoen anabasa “handitu” dela salatu du koalizio abertzaleak.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend