Gernika RTko neskek 27-29 galdu dute Uni Bilbao taldearen aurka

Emakumezkoen Euskal Ligan, Gernika Rugby Taldeak 27-29 galdu zuen Uni Bilbao taldearen kontra, zapatu arratsaldean. Hamabira jokatu behar izan zuten, «bideraezina zelako hamabostera jokatzea».

Neurketaren hasiera ona egin zuten basurdeek, eta markagailuan 20-12 aurreratzea lortu zuten. Baina epaileak bi txartel gorri atera zizkien berdeei, eta horrek partiduan uste baino eragin txikiagoa edukitzea lortu zuten Gernikako neskek.

Bigarren zati osoa bi jokalari gutxiagogaz aritu ziren, baina 10 jokalarigaz ere entsegua egitea lortu zuten sei minuturen faltan. Hori gutxi ez, eta zutoinetara jaurtitzea ere lortu zuten: «Oso harro gaude egin genuen lanagaz; zelaian ez zen igarri jokalari gutxiago genituela, aurpegia eman genuen denbora guztian».

Bi entsegu gauzatu zituen Libe Lopez Kizkurrek, eta bana Maite Bilbaok, Eider Olarretak eta Naia Gorienak. Zutoinetara botatako jaurtiketa Batirtze Basabek egin zuen.

Durangon, garaipena

Aurreko astean Durango Nissan Gaursa RT taldearen aurka jokatu zuten Arripausuetan, eta 12-24 irabaztea lortu zuten.

Neurketa horretan bat gutxiagogaz aritu ziren, hamabost hamalauren aurka. Gainera, azken 25 minutuak bi jokalari gutxiagogaz jokatu behar izan zituzten. Sailkapen orokorrean azkenaurreko postuan sailkatuta daude gernikarrak.
Ez dago iruzkinik

Send this to friend