Andoni Aretxabaletak ez du egueneko partidua jokatuko
Andoni Aretxabaletaren lekua hartuko du Ibai Zabalak EPELen Binakako Txapelketaren hirugarren jardunaldian. Eguenean Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu behar zuten hurrengo kanporaketa Aretxabaletak eta Urrutikoetxeak, baina Markina-Xemeingo pilotar...
Joan den barikuan takoak prestatzen ari zela eskumako atzamarrean zauria egin zuen Aretxabaletak, eta herenegun Artola eta Mariezkurrena II.aren kontra jokatutako partiduan atzamarra lehertu egin zitzaiola azaldu du pilotariak. «Zauri txiki bat nuen, itxita berez, baina atzamarra barrutik errementatu egin zitzaidan. Apurka-apurka zabaltzen joan zen zauria, eta azkenerako guztiz zabaldu zitzaidan», argitu du.
Atzo paperezko puntuak ezarri zizkioten, eta aldi batean ezingo du pilotan egin. «Entrenatzen ere zabaldu egingo zait zauria, eta, beraz, zati batean pilotan ez aritzeko esan didate». Aretxabaletak ez daki noiz arte egongo den jokatu barik. «Ez dut uste denbora gehiegi izango denik; egunez egun ikusi beharko da zelan doan. Zauria guztiz itxi arte egon beharko naiz horrela».
Txapelketa hasi berria bada ere, puntu guztiek daukate garrantzia. Eguenean Bengoetxea VI. eta Imaz izango dituzte aurkari. 17:00etan hasiko da norgehiagoka.