Ager Solabarrietak bigarren postua lortu du Espainiako Txapelketan
Sari nagusia lortu ez badu ere, tiratzaile ondarrutarra pozik bueltatu da txapelketatik. Denboraldia agurtzeko, Espainiako Kopa konbentzionalean parte hartuko du, estreinakoAger Solabarrieta Txakartegi tiratzaile olinpikoak eta Maite Badiola Akarregi l...
Sari nagusia lortu ez badu ere, tiratzaile ondarrutarra pozik bueltatu da txapelketatik. Denboraldia agurtzeko, Espainiako Kopa konbentzionalean parte hartuko du, estreinako
Ager Solabarrieta Txakartegi tiratzaile olinpikoak eta Maite Badiola Akarregi laguntzaileak bigarren postua lortu dute Espainiako Txapelketan. Asteburuan Santanderren (Kantabria) jokatu duen txapelketatik pozik itzuli da tiratzaile ondarrutarra, eta sari nagusia lortu ez baldin badu ere, lan ona egin duela eta azken emaitza ez dela batere txarra aitortu du.Zapatuan euskarri gabeko 60 tiro zutikako kategorian parte hartu, eta bigarren postua lortu zuen. Irabazleak baino 10 puntu gutxiago lortu zituen ondarrutarrak. Bigarren eta hirugarren postua lortzeko, aldiz, sekulako lehia egon zen. Dezima bategatik lortu zuen bigarren postua Solabarrietak. «Irabazleak sekulako aldea atera zigun. Tiraldi oso ona egin zuen, eta zoriondu besterik ez daukat».
Domekan, berriz, etzandako kategorian parte hartu zuen. Irabazleak baino 6 puntu gutxiago lortu zituen. Hurrengoari 8 puntuko abantaila atera zion ondarrutarrak.
Txapelketa berriak
Denboraldia asteburuan agurtuko dute Solabarrietak eta Badiolak. Espainiako Kopa konbentzionalean egon ahal izango dute estreinako, eta bertan parte hartzeko gogotsu daude. Logroñon (Errioxa) izango da txapelketa, eta euskarri gabeko 60 tiro zutikako kategorian ariko dira. «Txapelketa horretan historian lehenengo aldiz uzten digute botatzen beste tiratzaile guztiekin batera. Orain arte aulkian zeudenek bakarrik parte hartzen zuten, baina, estreinako, ikusmen urritasuna daukagunok ere parte hartuko dugu. Urte bi baino gehiago daramatzagu txapelketa konbentzionaletan parte hartzen, eta bide horren fruitua da honakoa».