Bermeoko gabonetako erakusleihoen lehiaketan 73 komertziok parte hartuko dute

Bermeoko Gabonetako erakusleihoen lehiaketa abenduaren 15era arte izango da. Dagoeneko herritarrek beraien botoekin erakusleiho ederrenak aukeratu ahal dituzte.

Bermeoko Udalak Bertonen laguntzagaz antolatu du lehiaketa. Nabarmendu dutenez, botoa emanez lehiaketan barne dauden 73 establezimenduetan 500 euro gastatzeko zozketan parte hartzeko aukera izango dute bermeotarrek. Zozketa abenduaren 17an egingo da, Gabon bezperatan.

Horretarako, liburuxka batzuk banatuko dituztela azaldu dute lehiaketaren arduradunek. Liburuetan parte hartuko duten establezimendu guztiak agertuko dira, eta 20 erakusleiho ikusi eta horien merkatarien zigilua lortu ondoren, norberaren gustukoena bozkatu ahal izango da. Liburuxkak 73 establezimenduetan zein bozketa guneetan lor daitezke.

Horietan, establezimenduak hiru gunetan kolore ezberdinak erabiliz banatu dituzte. Herritarrek gune bakoitzean gutxieneko erakusleiho kopuru bat ikusi eta bozkatuko dute. Datu horiek guztiak liburuxkan bertan zehaztu beharko dituzte.

Bermeoko Kultur etxean, Turismo bulegoan, eta Berhaz zein Behargintzaren bulegoetan bozkatu ahalko dute parte hartzaileek. Boto gehien eramaten dituen erakusleihoak 250 euroko saria jasoko du.

Epaimahaia. Herritarrekin batera, udaleko eta hainbat kultur elkarteetako kideek osatutako epaimahaiak ere zer esana edukiko du. Erakusleihoak hainbat ezaugarri kontuan hartuta baloratuko dituzte: irudi komertziala eta produktuaren aurkezpena, sormena, kalitatea, argiztapena, eta berrikuntza, besteak beste. Kasu horretan ere, 250 euro jasoko ditu irabazleak.

Lehiaketagaz, udalaren helburua Bermeoko erakusleihoen apainketa bultzatzea da. Modu horretara herriko kontsumoa suspertu nahi dutela azpimarratu du Irune Ormaetxea Bermeoko Merkataritza eta Turismo zinegotziak.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend