Frankoren eta Felipe eta Juan Karlos errege espainiarren iraulitako argazkiak egon dira eszenatokian.
Gernika-Lumoko azokan egin dute agerpena ezker abertzaleko ehundik gora kide historikok eta gaur egungo arduradunek, “faxistek Gernika bonbardatu eta 81 urtera; 1978ko Espainiar konstituzioa euskal herritarroi inposatu eta 40 urtera”. Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodrigezek irakurri du Gernikako Adierazpena deitu diotena, espainiar konstituzioaren egunaren bezperetan.
Rodrigezek esan du bazekitela Espainiako konstituzioak ez zuela ez benetako demokraziarik ez benetako justiziarik ez eta benetako bakerik ekarriko Euskal Herrira. Gaineratu du 1978ko konstituzioak frankismoak ezarritako bi oinarriak bere egiten dituela: Espainiaren Batasuna eta kapitalismoa. “Gaur diogu 40 urteotako ibilbideak argi utzi duela Konstituzio honen eta 78ko erregimenaren izaera inposatzailea, antidemokratikoa eta bortitza. Gaur diogu denborak arrazoia eman digula, ezker abertzaleak duela 40 urte bere analisi politikoan bete betean asmatu zuela, gaur analisi horrek inoiz baino gaurkotasun handiagoa duela, eta gaur askoz ere gehiago garela analisi horrekin bat egiten dugunak: euskal gizartearen gehiengoa, Kataluniako gizartearen gehiengoa eta espainiar estatuko sektore sozial zabalak”.
Arkaitz Rodrigez, Sortuko idazkari nagusia.
Egun dagoen marko juridikoa ere kritikatu du gaur Sortuk. Frankismoak egungo sistemaren muinean errotuta jarraitzen duela esan dute eta azpimarratu dute oinordekotza hori suspertzen ari dela espainiar eskuinaren neofalangismoaren eskutik, espainiar ezkerraren aldetiko oposizio irmorik gabe. Rodrigezek gaineratu du “Euskal Herriak benetako demokrazia, justizia, askatasuna eta bakea ezagutuko baditu, frankismoaren oinordekotzarekiko, 78ko erregimenarekiko, haustura demokratikoa ezinbestekoa” dela. Gehitu du “haustura hori ez dela Espainiar Estatutik etorriko” horretarako baldintzarik ez dagoela iritzita: “Haustura hori estaturik gabeko nazioen eskutik etorriko da”.
Indarren batura. Errepublikak sortzeko bidean dei argia egin die Rodrigezek “espainiar estatuaren menpeko nazio senideei”. “Geure arazoen irtenbideak izendatzaile komun bat du: burujabetza. Errepublika independente, sozialista eta feminista bana eraiki ahal izateko behar duguna. Izan ere, halako errepublika batek soilik berma baitezake burujabetza bere sakontasun eta irismen osoan. Bada, indarrak batzeko garaia da, geure herrien arteko elkarlanetik soilik etorriko baitira hitz larriz idatzitako justizia, demokrazia, askatasuna, berdintasuna eta bakea”.
Adierazpenaren amaieran gogora ekarri nahi izan ditu bi gauza Rodrigezek: euren artean ez dauden militante guztiak alde batetik eta etorkizuna bestetik: “herri honek lortuko ditu bakea eta askatasuna. Herri honek lortuko du estatu independente, sozialista, feminista eta euskaldun bat”.
Txalo zaparradagaz amaitu dute adierazpena.