Alex Uriarte: ‘Bizirauten dutenen eguna’

Gaurko honetan Miguel jatost burura: Gudu Zibileko familia galtzaile bateko bigarren semea; ez eban erabagi bere zuztarrak lur batean edo bestean botatea, baina bere sendiagaz batera Extremaduratik Euskal Herrira etortea baino ez eban izan, ahora zeozer eroan ahal izateko, oraindino oihaletan batua eta negar-muzinka egoala. Ez jakon inondik inora erreza subertau bertoko bizimoldera ohitzea; dana dala, agudo ulertu eban egotearen eta bizitearen arteko aldea. Beste berba batez: Euskal Herrian ohera sartzeak, jateak, edateak, irribarre nahiz negar egiteak, amodioa sentitzeak, larrua jotzeak, alderrai ibiltzeak edo odola isurtzeak ez dau inor euskaldun bilakatzen. Espazio fisikoa konpartitze soilak ez gaitu euskaldun bihurtzen. Ezin leiteke hain azalekoa izan.  Pertsonak eta giza pladurra bereizten ikasi behar dogulakoan nago. Eskerrak Miguelek atoan ulertu ebala bizirauteko ura zein airea behar ditugun neurri berean dala beharrezkoa bertoko kulturea nahiz hizkuntzea gurtzea, idolatratzea: gauero izara epelen artean hartzen dan amorante sekretu hori lez.

alex uriarte atxikaZBGaurko honetan Ahmed jatost burura: 25 udabarri bizkarrean, beldurrez ostonduriko gau iluna begi-nini dilataduetan ihesi, ikatz-azal leuna eta sinestu ezinezko hamaikatxu ipuin soinean, inoz mundura etorriko ez diran seme-alabei neguko arrasti euritsuetan kontetako. Artean, bestelako mundu bat parez-pare, behargina bezain behartsua. Egia esan, Ahmedek ezer gitxi daki itsasoari buruz, ezer gitxi diskoei, galtzerdiei, aterkiei edo zortzi metroko hesi erraldoiei buruz. Dan-danak bizitea tokau jako, baina. Hori bai, ez dau inongo txaparik behar bere lehenengo irribarrea B-an, inongo faktura barik eta euskeraz eskeintzeko: ahoa bizi mugituz, belarria beti prest. Eskerrak Ahmedek bizkor konprenitu ebala promestutako lurralde honetara heltzean beste edonoren pareko sentituko baldin bazan, beste edonoren antzera bertoko erroak zein mintzaira ikasi behar zituala: Mediterraneo itsasoaren bestaldean bistaratzen dan paradisu hori lez.

Gaurko honetan Ander jatost burura: ehundaka ames idiliko bere imaginarioan trostan eta hegaz. Arrazarteko mundu bat, mundu justuago bat, libreagoa eta anitzagoa, berdeagoa eta umilagoa, bere gogoan bueltaka. Akorduan dauka bere CVa hainbat eta hainbat erakunde zein enpresatara bialdu dauan aldi bakotxa: lehenengo bertsinoa beti euskeraz; sarri, euskera hutsean. Itzulerako erantzun bat bera bez. Behin eta barriro igoten saiatu baina jausteko baino balio ez deutsun bizikleta hori lez.

Gaurko honetan Jon jatost burura: aspaldion ezer gitxi salduagaitik, bere denda apaleko kartelak euskera hutsean ipintea doktrinea da; sartzen dan edozein bezerori lehen berbea euskeraz egitea erlijinoa da. Errepartidoreak agiriak gaztelaniaz baino ez ei dakartsoz azkenaldian, penaz dabil; saldu behar dituan arropen deskribapenak erdarazkoak baino ez omen dira, domaia da. Euskeraz baino ez dakien danen alde egiten dauan sermolari zoro hori lez.

Euskerearen eguna maite dot, biziraupenaren eguna dalako, argi daukat: biziraun dabeen guztien eguna. Zeozer izatekotan, munduari hemen gagozala, oraindino izan bagarela erakusteko eguna da. Era berean, euskerearen eguna gorroto dot, argi daukat: hainbeste maite genduana lau haizetara hainbeste maite genduala zabaldu ostean, egutegian letra gorriz markatutako efemeride bat gorde behar izan deutsagulako, zelan edo halan biziraun dezan. Ez dakit testu hau nola amaitu: egungo euskaldunon herrigintzarako kemena goratuz ala arbasoek izerdiz, odolez eta malkoz altxautako paperezko gaztelu hori erortzear dagoala esanaz.

Komunikabidea. Tokiko informazioa euskaraz. Busturialdean gertatzen denaren berri. Kiorla, kultura, gizartea, politika, aisialdia...
Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend