Sukarrietako bizilagunek Abiña auzoaren «galera» salatu dute
Herritarrek Abiña Sukarrieta dela aldarrikatzeko elkarretaratzea egin zuten domeka goizean, udaletxearen aurrean. «Ulertezintasuna» adierazi zuten EAJko ordezkarien aurrean, herriko «sustraien galera» dela eta.Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren...
Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidenteari herritarren aldarrikapena batzen duen eskutitza eman zioten. EAJri eta taldea ordezkatzen duten kargu publikoei foru arau berri bat egiteko eskaria egin zieten, «udalerriari beraien auzo historikoa bueltatzeko» eta Sukarrietari «aurrera egin ahal izatea ahalbidetzeko».
Identitatea
Justizia «berrezartzea» eta herriari bere historia eta «duintasuna bueltatzea» aldarrikatu zuten: «Abiña eta San Antonioren galerak gure nagusien artean eragin handia izan du, ulertezina egiten zaie argudio judizial batzuetan oinarrituta beraien identitatearen eta bizitzaren zati bat zelan kendu dieten ikustea. Gainontzekoontzat ere hezi eta hazi zaren tokiak udalerriaren parte izateari utzi diola ulertzea ez da erraza».
Auzoaren jabegotasunari buruzko prozesu judizialetan igarotako urteak «luzeak» izan eta horietan «aldaketa izugarriak» gertatu direla gogoratu zuten.
Hartutako erabakien ondorioz, instituzio judizial eta politikoetan «konfiantza galdu» dutela salatu zuten.