2019ko udal aurrekontua egokitzeko herritarren parte hartze prozesua martxan dago

Beste urte batez, udal aurrekontua egokitzeko herritarren iritzi eta ekarpenak jaso nahi ditu Gernika-Lumoko Udalak, eta proposamenak jasotzeko herritarren eskura jarri du imprimaki bat udalaren webgunean –www.gernika-luno.net–. Ekarpenak egiteko interesa daukaten herritarrek abenduaren 15era arteko epea izango dute parte hartzeko.

Behin inprimakia betetzen dutenean posta elektronikoz bidali beharko dute (partaidetza@gernika-lumo.net) edota udaletxeko informazio sailean aurkeztu ahalko dute.

Gernikako udalaDuela hamar urte jarri zuen martxan udalak herritarren parte hartze prozesua, alkateak auzoz auzo egiten dituen bisitekin. Aurten, batzar horien osagarritzat aurkeztu dute, beste behin, herritarrentzako udal aurrekontuetan parte hartzeko aukera. Hala, herrian bizi diren lagunen ideiak, proiektuak eta proposamenak jaso ahalko ditu udalak. Gerora, ideia horiek aztertu, eta horien artean teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnak aukeratuko dituzte. Onartutako horiek 2019ko udal aurrekontuen zirriborroan bilduko dituztela jakinarazi du udalak.

Herrian erroldatutakoak. Aipatu proposamenak Gernika-Lumon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako bizilagunek egin ahal izango dituzte. Halaber, udalaren erakunde erregistroan izena emana duten erakunde edo elkarte, fundazio, sindikatu, enpresa elkarte, elkargo profesional zein herri erakundeek parte hartu ahalko dute. Betiere, izera juridikoa izan eta udalerrian egoitza iraunkorra dutenak izan beharko dira.

Horiek guztiek udalaren eskumenekin zerikusia daukaten hainbat arlori buruzko ideiak aurkeztu ahal izango dituzte; hala nola, berdintasuna, kultura, kirola, ekonomia sustapena, hezkuntza, euskara, gazteria, ingurumena, osasuna, gizarte segurtasuna, babes zibila eta gizarte ekintza gaiei lotutakoak.

Dena den, udalak jakinarazi du ekarpen guztiak interes orokorrekoak izan beharko direla. Interes partikularren gainetik, interes orokor eta gizarte onura duten proposamenak onartuko ditu, eta inolaz ere  legez kanpokoak, iraingarriak edota baztertzaileak direnak.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend