Urdaibai Bird Center proiektu estrategikoaren biziraupena ezinbestekoa da EH Bildurentzat. Hala, Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dizkion
laguntzak “bermatzeko eta handitzeko” eskatu du koalizioak; aurten 60.000 euro jaso ditu. Gainera, Batzar Nagusietan Bizkaiko aurrekontuei alegazioak egingo dizkio koalizio abertzaleak, “hasierako urteetan ematen zen diru laguntza berreskuratzeko”.
Zerbitzu publikoa bermatzeko
200.000 euro jaso zituen
2013 eta 2016 urteen bitartean Urdaibai Bird Centerrek. 2017an, berriz, 100.000 eurokoa izan zen laguntza. Eta aurten, 60.000 euro jaso ditu. “Zentroak eremu lokal zein nazioartean oihartzun handiagoa lortu duen heinean, diru laguntzak ez emateko asmoa agertu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Aurten, Elena Unzueta diputatuaren hitzetan zentroari diru laguntzarik ez ematea erabaki zuten. Baina, jarrera aldaketa bat bultzatu genuen”, azaldu du Busturialdeko EH Bilduk.
Argazkia: Urdaibai Bird Center
Jarrera aldaketa bultzatzeko, eragile eta administrazio ezberdinetako kideekin batu ziren koalizio abertzaileko ordezkariak; azkenean 60.000 euroko laguntza bideratzea erabaki zuen Bizkaiko Foru Aldundiak. Hala, baina, diru hori ez dela nahikoa uste du Busturialdeko EH Bilduk.Izan ere, zentroak diru gehiago jaso ezean,
zorrak metatuko dituela eta ezinbestean itxi egin beharko dela uste du, “Busturialdearentzako kolpe latza eraginez”.
Proiektu estrategikoa. Belaunaldi berrien formakuntzan eta ingurumen hezkuntzan aritzeko bultzatu zuten proiektua. Bai eta Urdaibaiko paduren kontserbazioan lan egiteko eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren nortasuna erakutsiko lukeen benetako turismo jasangarria bultzatzeko ere.
“Eskualderako proiektu estrategikoa da Urdaibai Bird Center. Europatik onarpena jaso duten hainbat proiektu burutu ditu, eta hainbat sari jaso ditu gainera.
Zentroaren biziraupena mantendu behar da eta horretarako ezinbestekoa da diru laguntzen kantitatea handitzea, proiektuek aurrera egin dezaten”, argudiatu du koalizioak.
2008-2014 urte bitartean Urdaibai Bird Center sortzeko eta zabaltzeko Bizkaiko Foru Aldundiak “oso inbertso garrantzitsua” egin zuela gogoratu du EH Bilduk. Hasiera batean aldundiak zentroa proiektu estrategikotzat hartu zuela gogorarazi du koalizio abertzaleak, eta horregatik proiektua 200.000 eurogaz finantzatzea erabaki zutela azaldu du. Hala,
Batzar Nagusietan alegazioak eginez hasierako urteetan ematen zen laguntzaren alde egingo dutela zehaztu du EH Bilduk.