‘Denok Batera’ desfileak bermeotarrak elkartu ditu helburu solidario baten alde

“Oso arrakastatsutzat” jo dute Kate Sarea Elkarteko arduradunek zapatuan Bermeon egindako Denok Batera desfile solidarioa.

Mirenlur Santiago Kate Sarea elkarteko presidentea pozik azaldu da lortutako emaitzekin. Izan ere, desfilea egiteko aukeratu zuten tokiak, Artza Frontoiak, gainezka egin zuen zapatu arratsaldean. 600 sarrera baino gehiago saldu zituztela zehaztu du Santiagok. Mota horretako egitasmo batean inoiz ez duela antzeko parte hartzerik ikusi nabarmendu du. Harmailetako sarrerekin batera, eserleku zero bonoaren 60 tiket saldu zituztela adierazi du.

“Alde guztietatik jaso dugu laguntza. Oraindik ez dugu bildutako diru kopurua zenbatu, salmenta puntuak hainbat lekutan egon ziren-eta. Gainera, jaso ditugun donazioak ere zenbatzeko ditugu. Entitate bezala lagundu nahi zuten elkarte edo enpresei diru laguntza txiki bat eskatu zitzaien, baina horietako askok are diru gehiago jarrita laguntzu zuten. Antolatzaile modura, esan dezaket jarritako helmugak gainditu egin ditugula”, azaldu da pozik elkarteko presidentea.

Adin guztietako boluntarioak aritu ziren desfilean parte hartzen.

Adin guztietako boluntarioak aritu ziren desfilean parte hartzen.

Desfilea ikustera hurbildutako publikoaren harrera “oso ona” izan zela azpimarratu du, eta ziurtatu ahal izan duenez, desfilearen eta bere antolaketaren maila ontzat hartu zuten ikusleek. Horri lotuta, herriko komertzioek eskainitako attrezzoa eta materialak “maila altukoak” izan direla uste dute antolatzaileek.

Santiagoren ustetan, egitasmoaren formatua “oso erakargarria” izan da, “bai herritarrentzat eta bai komertzioentzat ere”. Azaldu duenez, profesionalak izan ez arren, “modeloek egindako lana goraipatzekoa izan da”. Boluntarioen parte hartzea “izugarria” izan zen presidentearen berbetan, eta adin guztietako 120 herritar baino gehiagok parte hartu zuten; ume, gazte zein nagusiak ibili ziren pasarelatik.

Hiru helburu. Batutako diruaren kopuru bat Eutsi Gogor Danok Batera proiektura bideratuko dutela azpimarratu du Santiagok. Proiektuak gaixotasun arraroak dituzten familiei laguntza eskaintzen die. Santiagok azaldu duenez “tratamenduek, ospitaleetara joan-etorriek, terapiek eta bestelakoek kostu handia dute”.

Bildutakoaren beste zati bat Kate Sarea elkartera joango da, eta diru hori Bermeoko komertzioetan elikagaiak erosteko erabiliko dute. Elikagai horiek, beharrizanak dituzten umeei zuzenduta egongo direla azaldu du presidenteak. “Oso pozik geratu gara lortutakoagaz, gure helburua laguntza lortzea izan da eta hori egin dugu. Gainera, desfileagaz batera Bermeoko komertzioa sustatu izan nahi dugu”.

Izan ere, sarrera bakoitzagaz herriko bost komertzioetako promozioetan erabiltzeko bonoa eraman dute ikusleek, horrela desfilearen ostean herritarrak komertzioetara hurbildu daitezen bultzatzeko. Santiagoren berbetan, “desfilean parte hartu zuten edo ikustera joan ziren herritar askok Bermeoko komertzio berriak ezagutu ahal izan ditu”. Modu horretara, “herriko eskaintza ezagutzera eman” dutela nabarmendu du, hori izan baita desfilearen hirugarren helburua.

Ekimen solidarioekin jarraituz. “Antolatzaileok ahalegin izugarria egin dugu desfilea aurrera eraman ahal izateko. Ez da erraza izan horrenbeste komertzio elkarlanean jartzea. Hilabete luzeetako lan gogorra izan da, baina azken emaitza ikusteak bete egiten zaitu”, esan du antolatzaileak. Antzeko ekimen gehiago egiteko eskariak jaso dituzte dagoeneko elkartekoek, eta lanean jarraitzeko gogotsu azaldu dira.

Ekimen solidarioekin jarraituko dutela jakinarazi dute Kate Sarea Elkartekoek. Izan ere, urtea bukatu baino lehen, abenduaren 31an zehazki, San Silbestreko lasterketa egingo dutela nabarmendu dute. Joan den urtean egiten zuten ekimen hori lehenengo aldiz, eta berriz ere prestatzeko gogo handia dutela diote arduradunek.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend