Onintza Enbeita muxikarra bigarren, Igorreko finalaurrekoan

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren finalaurrekoa jokatu zuten atzo, Igorreko kiroldegian. Saioa irabazita, Nerea Ibarzabal markina-xemeindarrak lortu zuen abenduaren 15eko finalerako txartela (Bilbao Arenan, 17:00).

Nerea Ibarzabal

Nerea Ibarzabal atzo arratsaldeko finalaurrekoan.
Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea.

Markina-Xemeingo bertsolariak 514 puntu bildu zituen, eta muxikarrak, ostera, 497,5 puntu. Eneko Abasolo iurretarra sailkatu zen hirugarren, 487,5 puntugaz.

Agurren ostean, bikoteka, zortxiko nagusian, zortziko txikian eta hamarreko txikian jardun ziren. Bakarka, berriz, puntu erantzuneko eta gai berdinari lotutako bertsoak egin behar izan zituzten.

Enbeitak Ibarzabalegaz hasi zuen saioa. Zortziko handian saio ederra osatu zuten, bikote harreman batean gurasotasuna izan zuten bertsogai. Muxikarrak zortziko txikian jaso zituen puntu gehien (109,5); Malen Amenabarrekin aritu zen, hark autoa aparkatzeko argibideak ematen. Hamarreko txikian, aldiz, Beñat Ugartetxeagaz osatu zuen bikotea, eta errefuxiatuen gaia izan zuten hizpide. Kartzelako lanean (puntu erantzun eta bakarkakoa) 176,5 puntu batu zituen muxikarrak. Bakarkakoan, gai honi lotutako bertsoak egin behar izan zituzten sei bertsolariek: “Gaur arte gogor defendatu izan dozu. Orain, zalantza sortu jatzu” . Enbeitak ezkonduta dagoen gizonezko batekin harremana duen emakumearen papera aukeratu zuen. Gizonak emaztea utziko zuela esan arren, haren emaztea haurdun dagoela jakitean zalantza sortu zitzaion.

Onintza Enbeita

Onintza Enbeita Igorren bertsotan.
Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea.

Lekeition, azkena. Zapatu honetan [abenduak 1] lehiatuko dute azken finalaurrekoa, eta orduan argituko da aurtengo finaleko zortzikotea.

Hiru finalaurrekoetako irabazleak zuzenean sailkatzen dira finalera (momentuz Ibarzabalek eta Miren Amurizak lortu dute txartela), eta beste bost finalistak puntuazioaren arabera sailkatzen dira. Gaur gaurkoz, Xabat Galletebeita lekeitiarra dago puntuazioz lehena, 503,5 puntugaz, eta bigarren Enbeita dago, 497,5 puntugaz. Hain zuzen, aipatu bi bertsolariak 2016ko finalera sailkatu ziren.

Bertsozaleek Lekeitioko Santi Brouard kiroldegian dute hitzordua zapatuan. 17:00etan hasiko da saioa, eta oholtzara igoko diren sei bertsolarien artean, Busturialdeko bi daude: Ander Elortegi natxituarra eta Ibon Ajuriagojeaskoa gernikarra (2016ko finalean egon zen).

Aipatu bi bertsolariekin batera, honako hauek ariko dira Lekeitioko finalaurrekoan: Etxahun Lekue (Larrabetzu), Jone Uria (Algorta), Txaber Altube (Abadiño) eta Arrate Illaro (Getxo).

Zapatuko sarrerak zein abenduaren 15eko finalerakoak www.bertsosarrerak.eus webgunean erosi daitezke. Halaber, zapatuan 16:00etan zabalduko dute txarteldegia.

IGORREKO FINALAURREKOAREN SAILKAPENA:

  1. Nerea Ibarzabal Salegi 514 puntu
  2. Onintza Enbeita Maguregi 497,5 puntu
  3. Eneko Abasolo Txabarri 487,5 puntu
  4. Malen Amenabar Larrañaga 474,5 puntu
  5. Oihana Bartra Arenas 467,5 puntu
  6. Beñat Ugartetxea Ostolaza 460,5 puntu
Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend