Demagun beste herrialde batean zaudela. Demagun hizkuntza ez duzula zeure, ez duzula beraz gaitasunik komunikaziorako, besteekin zerbait partekatzeko, besteekin izateko. Kasik isolamendu goxo baten sentsazioz. Nork ez du noizbehinka eskertzen norberetasunean lasai egoteko momentua? –beste kontu bat da noizbehinkakotasun hori aukeratua ez eta bortxaz ezarria bada–.
Demagun, hizkuntzatik haratagoko mundu sinboliko guzti hori ere ez dela zurea. Zentzu komuna bestelakoa dela, kodeak ez dira zuk erabiltzen dituzunak –zeren merke saldu nahiko digute ezetz, hiritarrek mundu kultura bera dugula, hipotekan partekatzen duguna zapalkuntza delarik–.
Demagun, neguko eguzkia azala berotzeko eta liburu bat dituzula esku artean. Bistan duzun ibai ertzeko eserleku horrek ederra dirudi pausatzeko. Denbora bat hartu, hizkietatik ideietara, ideietatik ezagutza eta errealitatera, amaigabekoa da bidaia. Ez da zure betiko espazioa, ez da zure zentzu komuna, ez da zure hizkuntza… Erraz eramango zaitu inguruak zu zurekin topatzeko unera.
Demagun, ibilian dabiltzan pertsona horietatik bistaratzen duzula emakume zahar bat orriaren izkinatik jada hurbiltzen. Ilea urdin, praka beltza eta berokia soinean, poltsa sorbaldan eta ondoko eskutik arrastan erosketetarako orga. Gelditu da zu igaro bezain laster, atzera begirada bat eta oinezko norabidea aldatu. Irri bat eta eseri da zure alboan.
Bada zerbait zure zentzu komunetik identifikatzea zail egiten zaizuna, berak erraz identifikatu bazaitu ere: emakume, gazte, normalitatearen parte, ongi jantzia, atzerritar, eguzkitan irakurtzen zeharo lasaitasun itsas handian murgilduta, zeuretasunean, kasik inozentzian akomodatua. Kale logikatik urrun, alegia. Begiratu alboan eseria den ile urdin eta azal belztuari, ezin jakin: Kalean bizi da? Kalean bizi ez bada ere, ez du akomodaziorik. Hala ere, ze oparia, bizitako egunen hainako esperientziaz jantzitako agurearengandik pertsonalki hazteko momentu bat. Eta sentitzen duzu berarekin atzerri horretan lasaitasun bat, helduleku bat.
Demagun orri ertz beretik begiztatzen dituzula ere bi tipo hurbiltzen. Kalean bizitako esperientzia askorekin gainean hauek ere. Zuzenean hurbiltzen dira, baina emakumeak, ulergaitz zaizun hizkuntza izanik ere oihuz uxatzen ditu. Eta demagun joan badoazela, eta demagun etorri badatorrela gorpuztutako jakintza partekatzeko unea. Begietara begiratu, aurpegiera serioz, erakusten dizula emakume eta gaztea zarela kalean, eta badirela kale logika horretan arriskuak, gorputzarekin zuzen lotutako arriskuak. Zaintzeko zu. Kalean bizitako irakaspenak. Nor zaren eta non kokatua zaudenarekin itsasten zaituztenak. Zeure lekua, ordena, zeure leku injustua.
Eta demagun liburuak berak diotzula «Pensar la economia desde el bienestar y el malestar encarnados no solo es bonito sino que obliga a cuestionar el sillon que ocupamos cada quien en lo cotidiano». Ba hori. Baina ez da bere kontua, ez da zure kontua ere. Nazioa, jatorria, hizkuntza, generoa eta klaseak zeharkatzen gaituzte, egiten gaituzte norbanako eta herri. Irauli beharko dugu ordena injustu hau.