Errotik desagertzeko erronka

Emakumeen ahalduntzea eta erabakitzeko askatasunari lotutako kanpaina martxan da Bizkaian. Gazte eta nerabeenganako indarkeriari buruzko jardunaldia egingo dute Bilbon.

Indarkeria Sexistaren Kontrako eguna hurbiltzen den aldiro, adierazpen instituzionalak onartu eta sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak bultzatzen dituzte erakunde publikoek. Esate baterako, emakumeen ahalduntzea eta erabakitzeko askatasuna sustatzea helburu duen sentsibilizazio kanpaina bultzatu du Bizkaiko Foru Aldundiak, Ez naiz zurea, nirea baizik lelopean. Bizkaiko hainbat erakunde eta kolektibok parte hartzen duten ekimena da.

684 klub eta kirol elkarteri eta berdintasunaren, feminismoaren zein emakumearen arloan lanean diharduten 400 kolektibo eta erakunderi helarazi diete materiala. Kirol profesionalean, Lointek Gernika Bizkaiak, Athleticek, Bilbao Basketek eta Zuazo Eskubaloi Taldeak euren partiduetan erakutsiko dute kanpainaren irudia. Aldundiko zein udaletako bulegoen, komunikabideen eta garraio publikoen bidez ere zabaldu dute.

“Gizonen eta emakumeen arteko desparekotasunean oinarritutako gizartean bizi gara. Horren adierazlerik larriena dira emakumeen aurkako erasoak eta emakumeen erailketak; Giza Eskubideen urratzea. Emakume askok eta beren seme-alabek bizi duten errealitate lazgarria egunero errepikatzen da”, esan du Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak.

aldundiaren kanpaina

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ez naiz zurea, nirea baizik kanpainaren irudia.
Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.

Jendarteko arazoa denez, arlo guztietan aldaketa eragin behar dela nabarmentzen dute adituek, eta datuen atzean dauden emakumeetan jarri behar da arreta; datu bakoitzaren atzean dagoen istorio edo egoeran. Baina gizartearen isla diren heinean, datuak esanguratsuak dira.

Segurtasun Sailaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, genero indarkeriaren biktima diren 4.565 emakumek jasotzen dute gaur egun Ertzaintzaren babesa. Bizkaian 2.304 emakumek, Gipuzkoan 1.472 emakumek eta Araban 789 emakumek zabalik dute genero indarkeriaren ondoriozko polizia-babeserako espedientea.

Esaterako, Bizkaiko Genero Indarkeriaren Behatokian edo Bizkaiko Emakumeen aurkako Indarkeriaren Mapan jasotako datuen arabera, 2004tik, Bizkaian 30 emakume hil dituzte, eta beste hamazazpik hilketa saiakera batetik bizirautea lortu dute. Aldi horretan, emakumeen aurkako 35.000 eraso erregistratu zituzten. Urteko bataz bestekoa 2.600 erasokoa da (iaz 2.768).

Umeen aldarrikapena

Datuok orainaren erradiografia erakusten dute, eta etorkizunean iluntasunetik argitasunera pasatzeko hezkuntza da gako nagusietako bat. Umeei zuzendutako ekintzen artean, Bizkaiko Batzar Nagusien eta Unicefen Euskadiko Batzordearen ekimenez, umeen eta nerabeen ikuspegitik indarkeria sexistaren prebentzioari buruzko osoko bilkura berezia egin berri dute Gernika-Lumoko Batzarretxean.

12-14 urte arteko 240 ume baino gehiago batu ziren. Indarkeria matxistaren prebentzioa aldarrikatu zuten, umeen eta nerabeen eskubideetan oinarrituta. Genero indarkeria “denen arazoa” dela eta emakumeen kontrako indarkeria baztertzea “benetako berdintasunagaz” lortuko dela aldarrikatu zuten. “Pentsatzeko modua aldatzeko” kaleko segurtasun neurriak indartzea, ikastetxeetan genero indarkeriaren prebentzioan sakontzen jarraitzea eta iragarki feminista gehiago egitea proposatu zuten: “Badakigu gauza asko egiten ari direla, baina gehiago egin behar dira”.

Unicefen Euskadiko Batzordearen laguntzaile den Hazian-eko prestakuntza taldeek Bizkaiko hamar ikastetxe baino gehiagotan landu dute gaia azken hilabeteetan. Eman ahotsa zure balioei izenburupean, unitate didaktiko baten bidez landu eta dekalogo bat osatu dute.

Emakumeek askotariko tratu txarren bidez jasan dezakete indarkeria; kontrola, jazarpena edo ziber jazarpenaren bidez, adibidez. Horiek hainbat testuingurutan gertatzen dira: eskolan, aisialdian zein telefono mugikor edota sare sozialetan.

Araban, Bizkaian
eta Gipuzkoan 4.565 emakumek dute Ertzaintzaren babesa

Gazte eta nerabeen artean gero eta kasu gehiago azaleratu, eta horiengan eragiteko egitasmoak egiten dira. Genero indarkeria gazte eta nerabeen artean: desagerrarazteko prebentzioa, arreta eta sentsibilizazioa izenburupean, Gizartegune espazioa egingo dute Deustuko Unibertsitatean, astelehenean. Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eztabaida eta hausnarketa sustatzeko antolatutako jardunaldia da. Doakoa den arren, gizartegune@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzita izena eman behar da.

Esperientzietatik ikasiz

Adituen eskutik, indarkeria prebenitzeko mekanismoak zelan erraztu eta kultura matxistaren aurrean defentsarako gizarte mekanismoak zelan hobetu landuko dute. Era berean, indarkeriaren biktimek behar dituzten babesak, gazte eta nerabeen arteko genero indarkeriaren adierazleak eta prebentzioa, sentsibilizazioa eta arreta hizpide izango dituzte. Indarkeria matxistaren aurkako borrokan gazteekin lan egiten duten erakundeen programei eta esperientziei buruzko mahai-inguruarekin amaituko dute jardunaldia.

Azaroaren 25agaz batera, urtero mezu bera errepikatzen dute han eta hemen: egunero lan egin behar dela indarkeria matxistaren kontra. Etxean, hezkuntza zentroetan, lantokietan, elkarte eta erakundeetan, komunikabideetan…, bakoitzak bere ekarpena egin behar du. Pauso txikiak emanez, aurrerapauso handiak ematea lortu daitekeelako. Egoerari buelta eman eta iraultza egiteko, errotik desagertzeko, ume, gazte zein helduetan eragiteko neurriak hartzea beharrezkoa da.

IKUSI HEMEN EGITARAUA, HERRIZ HERRIZ

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend