Lurgorri auzoko eskola gizarte etxe bihurtuko dutenaren berri izan dugu oraintsu. Poztekoa, nola ez. Beharrezkoa, jakina. Penagarria, ordea. Izan ere, eremu horretan altxatutako auzo berri horren ardatza, gune nagusia zerbitzu anitzak eskaintzen dituen eraikuntza izan behar zuelako. Zuelako, bai. Iragan denbora. 2005. urteko martxoan argitaratu zen notizia hartan Gernikako Santa Luzia auzoak babestutako 375 etxe izango ditu bere lehen fasean zegokiolako tokia albiste berri honi. Honela behar zuen horrek: Gernikako Santa Luzia auzoan, 375 etxe berrien gune nagusia bilakatuko den gizarte etxea eraikitzen hasi dira. Jaiotzetik muinean. Energiaz auzoa bonbardatzen. Herria eraikitzen.
Tamalez, kasu askotan, hori ez da joera. Lehenik eraiki. Gero, urteetara, forma eman. Bidean, denbora galdu. Gurean ere, trebeak dira horretan. Horrela, egoerak behartuta, lan egiteko era tonto horri buelta emateko nahian, elkarte kultural baten lelopean batutako bolondres batzuek bost urteko lan fina eta gero 40.000 euro tutu lortu eta hasieratik, eremu honen genetikan egon behar lukeena sortzen jarriko dira. Gora zuek.
Baina zer da hau? Nola izan daiteke guraso batzuek honegatik borrokatzen aritzea? Ez ahal dute nahikoa bere seme – alaba ederrak hezi beharrarekin? Non dago zerbitzu publikoa? Ez al da hau herriko auzoetan alaitasuna berpizteko era? Denbora nor beraren zilborra begiratzen eman ordez, ez da posible aldamenera begiratzea?
Gasteizen denbora eman duen batek. Bere kaleak oinez zein bizikletaz ibili dituen honek. Bihotzean darama green capitalaren eredua Gernikan (eta zergatik ez Urdaibaien ere) zabaldu eta errotu ez izanaren pena. Pena eta borroka. Aukeran dudan bitartean. Parte hartzera gonbidatzen nauten toki horietan, Gasteizera begira jarri behar garela aldarrikatuko dudalako.
Gure herriak, lau gune kardinal ditu (Lurgorri-Agarre, Pasilekua, San Juan- Kiroldegia, Errenteri–Maloste). Tokiaren arabera neurriko lau gizarte etxe. Lau indarreko puntu. Lau ardatz. Herri honen parte garen herritarron bizia errazteko era. Auzoen bizipoza puntu gorenera eramateko bidea. Baliabideak erdigunean zein beste auzoetan eskaintzeko forma. Gizarte etxe eta kirol gune sareen proiektua, alegia. Eta horri lotuta, batetik bestera eroso joateko mugikortasun plan eraginkor bat (eskola bidea, bidegorria, herri busa). Zaila? Gastua edo inbertsioa?
Dagoeneko kanpainan jarri zaretenok. Herriaren alde egin nahi duzuenok. Programa alde batera utzi eta burua altxatu! Gasteizko hirian, udalean, ingurugiro gaietarako ikastegian dago zuen, gure behar izanetarako erantzuna. Umilak izan. Galdetu. Hango aholkulari adituak kontratatu. Eredu eder eta eraginkor hori hona ekarri eta horrekin, etorkizunera begira jarriko den Gernika berri eta koloretsu batek loratuko du.
Txuleta: Gasteiz gizarte etxeen eta kirol instalazioen sareari buruzko informazioa; Gasteiz mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana.