Pintxoen aitzakian, udalerria girotuz
Muxika, Ibarruri eta Gorozikako bertso triki poteoa egin dute laugarren urtez. Pintxo lehiaketa aitzakia hartuta, txokorik txoko jai giro ederrean elkartu dira ehun lagun baino gehiago.Belaunaldi desberdinetako herritarrak batzen ditu Muxika, Ibarruri ...
Muxika, Ibarruri eta Gorozikako bertso triki poteoa egin dute laugarren urtez. Pintxo lehiaketa aitzakia hartuta, txokorik txoko jai giro ederrean elkartu dira ehun lagun baino gehiago.
Belaunaldi desberdinetako herritarrak batzen ditu Muxika, Ibarruri eta Gorozikako bertso triki poteoak. Aurten laugarrenez egin dute, eta urtez urte sendotzen doan ekitaldia da.Beste behin, txokorik txoko pintxoak dastatuz eta bertsoz eta euskal doinuez lagunduta egin zuten erronda, eta giro ederra sortu zen Pintxo Lehiaketaren inguruan; lagunartean ondo pasatzeko aukera ederra izan zen beste behin.
Bost txoko
Udalerriko bost txokotatik egin zuten bertso triki poteoa zapatuan. 17:00etan Kurtzeron autobusera igo, eta Eleizalde auzoko Kolokainen izan zuten lehenengo hitzordua. Ondoren, Maumeko Oizpe txokora joan ziren, eta handik Aritzako Atxelipera. Jarraian, Ibarruriko Saltsamendi txokoan egin zuten geldialdia, eta amaitzeko, Gorozikako Gaukarin elkartu ziren.
Tripak jan-edanagaz ase bitartean, Onintza Enbeita eta Asier Galarza muxikarren eta Ibai Amillategi gernikarraren bertsoek jarri zieten arratsalde eta gau parteari gatza eta piperra. Hala, EinGo taldeko musikariek dantzan jarri zituzten herritarrak.
Arrautza, perretxiko eta pernil nahaskiak, txistorradun taloa, ensaladillarena edota oilokidun pintxoa izan zituzten aukeran, eta denak ere ederto jan zituzten. Pintxoen kalitatea ez eze, txokoetako bazkideek pintxoak zelan apaintzen dituzten ere nabarmendu zen beste behin. Ariatzan, esate baterako, oilar itxurako estalkiagaz aurkeztu zituzten pintxoak, eta Ibarrurin, domino itxurako pintxoekin herriaren izena idatzi zuten.
Gorozikan argitu zen lehiaketaren irabazlea. Ariatzako Atxelipekoentzat izan da aurtengo txapela, baina, edonola ere, inor ez zen esku utzik bueltatu etxera. Izan ere, aurten, berritasun modura, txoko guztiei amantal bana oparitu zieten eguneko oroigarri modura eta parte hartzea eskertzeko. Aurten parte hartu ezin izan duen Ajuriako txokoak ere jaso zuen berea.
Sormena, lanketa, zailtasuna, aurkezpena eta zaporea epaitzen dituzte herritarrek. 320 puntugaz irabazi zuten ariatzarrek, eta 306,5 puntugaz bigarren sailkatu ziren Ibarrurikoak. Baina puntuazioa eta irabaztea gutxienekoa da, txokorik txoko udalerriari bizitasuna ematea da-eta helburu nagusia. Herritarrak elkartu, eta ondo pasatzea, hain zuzen.
Arratsaldean hasi, eta gauerdira arte jai giroan murgilduta egon ziren.