Gernika-Lumoko Bakearen Museoak
Fair Saturday ekimenean parte hartuko du aurten, eta Munduko Medikuak elkarteagaz elkarlanean
Mugitzen diren pertsonak erakusketa jarriko dute museoaren sarrerako aterpean; bihartik domekara bitartean ikusi ahalko da erakusketa. Zapatuan da Fair Saturday, baina ekimena atzo hasi zuten
errefuxiatu eta migratzaileen testigantzak jasoz.
Argazkia: Busturialdea Harrera Eskualdea
Busturialdea Harrera Eskualdea elkarteagaz batera, Gernika-Lumon bizi diren errefuxiatu eta migratzaileen testigantzen aterpe izan zen Bakearen Museoa. Besteren artean, Senegal, Guinea Conacri eta Camerunetik etorritakoek beraien bizipenak kontatu zituzten. Gerraz, atzerrira bidaiatzeaz, ihes egiteaz, jasarpenaz eta gezurraz hitz egin zuten bertan bildutakoek. Bertokoen eta etorritakoen arteko hizketaldia izan zen.
Mundu osoko artista eta erakundeek bultzatzen duten gizarte eta kultura izaera daukan mugimendu globala da Fair Saturday. Urtez urte, azaroaren azken larunbatean egiten da, eta gero eta gehiago dira ekimenean parte hartzera animatzen direnak. Munduan zehar hainbat ekitaldi egingo dira zapatuan, eta guztiek daukate Gobernuz Kanpoko Erakunde bati edota gizarte proiektu bati babesa emateko xedea.
Erakusketa. Bakearen Museoak Munduko Medikuak elkarteagaz batera herritarrei
osasunerako eskubideen aldeko mezua helaraziko die
Mugitzen diren pertsonak erakusketagaz. Bihar hasiko den kanpaina horren bitartez, gizartea eraldatzekoheziketa eta eragin politikoa bultzatu gura ditu.
“Munduko Medikuak elkartearen proiektuak artearen, kulturaren eta elkartasunaren alde egiteaz gain, helburutzat du migratzaileen, errefuxiatuen eta giza eskubideen defendatzaileen indarguneak, borrokak eta lorpenak herritar guztiei ikusaraztea”, azaldu dute Bakearen Museoko arduradunek.
Funtsezko eskubideen urraketak irudikatuko dituzte erakusketan. Horretarako, Europan eta Espainian beraien eskubideak urratu dituztenen testigantzak ikusi ahal izango dira.
Proiektuari laguntzeko aukera izango dute bertaratutakoek, zerbait emanez edota elkarteak museoaren dendan salgai jarri dituenak erosiz. Aste honetan
bildutako dirua Munduko Medikuak elkarteak Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban dituen
Gizarte Eraldaketarako proiektuetara bideratuko dela jakinarazi dute museoko arduradunek.
Zapatuan, Fair Saturday egunean,
Utzi zure urratsa familientzako tailerra egingo dute museoan. 8 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu dezake bertan.
Egitaraua:
- Mugitzen diren pertsonak erakusketa. Bihartik zapatura bitartean. 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 18:00etara bitartean.
- Utzi zure urratsa familientzako tailerra. Zapatuan 17:00etatik 18:00etara.