Desfile solidarioa
azaroaren 24an, zapatuan, egingo dute
Artza frontoian, 19:30ean.
Kate Sarea elkarteak bere bosgarren urteurrena ospatzeko antolatu du ekimena. Egoera txarrenean daudenei laguntzeko sortutako elkartea da Kate Sarea eta, besteak beste,
elikagaiak banatzen ditu beharrizanak dituzten familien artean.
Mirenlur Santiago Kate Sarea elkarteko presidenteak azaldu duenez, desfileagaz “guztien arteko elkarlanaren bidez hainbat helburu” lortu nahi dituzte.
Alde batetik, herriko komertzioetan
elikagaiak erosteko dirua lortu nahi dute desfileagaz. Elikagai horiek beharrizanak dituzten eta Kate Sareak zaintzen dituen umeei zuzenduko dituzte.
Artza frontoian egingo dute desfilea.
Bestalde,
gaixotasun arraroak dituztenen familiei laguntzeko eta gaixotasun horien ikerketarako Eutsi Gogor Danok Batera elkartera bideratzeko dirua batuko dute. Izan ere, “tratamenduek, ospitaleetara joan-etorriek, terapiek eta bestelakoek kostu handia” dutela nabarmendu dute.
Azkenik,
Bermeoko komertzioa sustatu eta bultzatzeko helburua dute: “dendek eskaintzen dituzten kalitatezko produktuak erakutsi eta balioan jarri” nahi dituzte, tokiko komertzioa bultzatzeko.
Boluntario eta laguntzaileak. Desfile solidarioa antolatzeko
100 pertsona baino gehiagok boluntario moduan lan egingo dute. Boluntarioekin batera,
herriko 60 komertziok parte hartuko dute.
Egitasmoa antolatzen arituko diren
laguntzaileen artean Berton, herriko enpresa ertain eta txikien elkartea, Eutsi Gogor Danok Batera elkartea, Bermeoko Udala, Gurutz Gorria, Bermeoko Herri Babesa, Artza Pilota elkartea, Seguros Bilbao, Eleizalde Ikastola, Sagrado Corazón ikastetxea, San Frantzisko Herri Ikastetxea, Busturialdeko Hitza, Itsuki irratia, Oizmendi telebista, Deia, BermeoPrint, Belaixe, Irudi, Luma liburudenda, herriko komertzioak eta herriko boluntarioak daude.
Sarrerak. Sarrerak
bi motatakoak izango direla zehaztu dute antolatzaileek. Batetik,
8 eurokoak erosi ahalko dira: horiekin sarrera, zozketa eta herriko bost komertzioetako promozioetan erabiltzeko bonoa eskuratuko dira.
Bestetik, desfilera ezin joan, baina lagundu nahi duenak
3 euroko eserleku zero bonoa eskuratzeko aukera edukiko du.
Sarrerak dagoeneko Luma liburudendan erosi daitezke. Artza Frontoiko leihatilan azaroaren 19tik 23ra, 18:30etatik 20:00etara eskuratu ahalko dira, eta azaroaren 24an, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era.
Kate Sareak eta Bermeoko Udalak herritar guztiak desfile solidarioa ikustera animatu dituzte. “Gure herriko komertzioen kalitatezko eskaintzaren erakusleiho paregabea izango da eta aldi berean beharrizanak dituztenei lagunduko diegu”, aldarrikatu dute.