Putxera lehiaketa egingo dute hirugarrenez, Morgan

Hirugarren urtez, Nazioarteko Putxera lehiaketa antolatu du Pataterrixe Kultur Elkarteak Morgan. Bihar elkartuko dira horretarako, goizean goizetik, Andra Mari auzoan.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman beharko dute izena; hain justu, 09:00etatik 11:00etara bitartean. Izena emateagaz batera, aurkeztu nahi duten putxera bakoitzeko bost euro ordainduko beharko dituzte lehiakideek.

Antolatzaileek zenbait baldintza jarri dituzte aurten ere. Batetik, plater guztiak jendaurrean prestatu beharko dituzte parte hartzaileek. Eta putxerak prestatzeko, Gernikako indaba edo Tolosako indaba (gorria/beltza) erabili beharko dute. Gainera, beharrezko osagaiak zeintzuk izan behar diren ere zehaztu dituzte: txorizoa, odolosta eta urdia.

Bestalde, sua egiteko, ikatza zein egurra erabili ahal izango dela jakinarazi dute.

Behin putxera guztiak prest dituztenean aurkeztu egin beharko dituzte, epaimahaikideek beraien iritzia eman dezaten. Horretarako ordua 13:00etatik 14:00etara izango da.

Eta behin dastaketak eginda, lehiaketako lapikorik gozoenak aukeratuko ditu epaimahaiak, eta horien artean hamabost sari banatuko dituzte.

Irabazleak txapela, putxera, txakoli lotea eta 175 euro jasoko ditu; bigarren egiten duenak putxera, txakolin lotea eta 130 euro; hirugarrenak Txakolin lotea, 2 kilo indaba eta 90 euro; laugarrenak txakolin lotea, 2 kilo indaba eta 50 euro; bosgarrenak txakolin lotea, 2 kilo indaba eta 25 euro, eta seigarrenetik 15era egiten dutenak txakolin lote bana eta 20na euro.

Morgako onenari saria. Bestalde, Morgako putxerarik onenak ere saria hartuko du: txapela eta 50 euro. Biharko eguna, gainera, taberna ibiltariek alaituta igaroko dute Morgara bertaratzen direnek.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend