Kofradia Zaharra: bizipenen lekua
Belaren mundua herritarrei zabaltzeko asmoa duen Galerna Zine Festibala hartuko du gaurtik hasita domekara bitartean Bermeoko Kofradia Zaharrak.Itsasoa, bukaerarik gabeko tokia. Uraren mugimenduek olatuak sortzen dituzte, eta horietan barrena nabigatze...
Belaren mundua herritarrei zabaltzeko asmoa duen Galerna Zine Festibala hartuko du gaurtik hasita domekara bitartean Bermeoko Kofradia Zaharrak.
Itsasoa, bukaerarik gabeko tokia. Uraren mugimenduek olatuak sortzen dituzte, eta horietan barrena nabigatzen dute arrantzaleek. Olatuen kontra, itsasoan barrena joaten dira lehenengo; dela arrantzatzeko edota bidaian ibiltzeko.Ur hotzetan murgilduta dabiltza denbora luzez arrantzaleak, eta gerora hainbat istorio izaten dituzte kontatzeko. Lehenengo olatua hartzen dutenetik azkenengoagaz porturatzen direnera arte, asko dira itsaso zabalean bizitako gertaerak eta bizipenak. Batzuk onak, beste batzuk, berriz, txarrak.
Itsasoak bukaezina dela ematen duen arren, hainbat portuk hartzen dituzte arrantzaleak; Bermeok kasu.
Ur urdinen gainean dabiltzan itsasontziak, belak, txalupak edota arrantzaleak. Bakoitzak istorio asko gordetzen ditu, eta horietako batzuk ezagutaraziko dituzte gaurtik domekara bitartean, Bermeon lehenengoz egingo duten Galerna Zine Festibalean; Kofradia Zaharrean egingo dute.
Galerna taldeak antolatu du zinema festibala, eta Bermeo Tuna World Capitalek ere presentzia izango du bertan.
Itsas hertzeko herria da Bermeo, arrantzaleen bizilekua. Hala, herriaren eta herritarren historiaren parte diren hainbat kontu kontatuko dituzte festibalean. Horretarako, ikus-entzunezkoak, dokumentalak, hitzaldiak eta dastaketak prestatu dituzte. «Zer garen, nor izan garen eta zer izaten jarraituko dugun» ezagutarazteko aukera ederra dela dio Irune Ormaetxea turismo zinegotziak. Izan ere, haren ustetan, arrantzaleen munduan aitzindaria da kostaldeko herria.
Bermeon badaude belaren munduan interes handia daukaten herritarrak; Galerna taldeko kideak, esate baterako. 10 urte baino gehiago daramatza herrian elkarteak, eta orain arte beraien helburu bakarra belaren mundua bermeotarrei hurbiltzea izan dela adierazi du Unai Bilbao Galerna elkarteko kideak: «Orain arte guretzat eta gure ingurukoentzat antolatu ditugu ekimenak. Azkenaldian, baina, beste herritar guztiengana bela zelan hurbildu pentsatzen ibili gara. Buruari buelta asko eman dizkiogu, eta, azkenean, zinema festibala egitea bururatu zitzaigun».
Itsasoko bizipenei buruzko festibala Bilbon egiten dute urtero, eta han egoten dira bermeotarrak. «Bilbon egiten den jaialdiaren modukoa Bermeon egitea ezinezkoa da, baina herrian zinema festibala egiteko gogoa geneukan, eta formatu txikian hori udalerrira ekartzea lortu dugu», dio poztasunez Nerea Azkarate Galerna elkarteko kideak.
Galerna Zine Festibalaren helburua ez da soilik arrantzale eta itsasontzi handien kontaerak ezagutaraztea, belaontzi bat hartuta itsasora atera den edonoren istorioa erakustea baino: «Nabigatzaileek bizi izan dituzten istorioak eta kontaerak ikusiko ditugu bertan».
Proiekzio bereziak
Ohiko zinemetan ikusi ezin diren proiekzioak dakartza festibalak. «Itsasoa pasioz bizitzen duten horien bizipenak erakutsi nahi ditugu», azaldu du Bilbaok.
Horrelako programa egiteak lan «luze eta handia» dakarrela diote antolatzaileek: «Lan asko dakar festibala antolatzeak, produktoreekin eta zuzendariekin kontaktuan jarri behar izan garelako. Hala ere, erantzun ona eduki dugu, eta dena ondo aterako delakoan gaude».
Gaur arratsaldean iritsiko da lehenengo olatua Bermeoko Kofradia Zaharrera. Vendee Globe lehiaketan parte hartu zuen Yann nabigatzailearen bizipenak kontatzen dituen En solitaire filmagaz. Horren ostean, bermeotar batek hitzaldi laburra emango du, Martinica-Azores-Bermio bidaiari buruzkoa. 12 metroko belaontzi batean beste lagun bategaz egin zuen bidaia kontatuko du.
Bihar, dokumental «berezia» proiektatuko dute. Urte eta erdiko bidaia batean munduari bira ematen ari zela Bernard Moitissier nabigatzaileak grabatutako irudiak biltzen dituena.
Hiru urte belaontzi batean: bizipena hitzaldiagaz jarraituko dute zapatuan. «Oso interesgarria izango da gure lagun zumaiarraren hitzaldia. Bere bizipenak kontatuko ditu eta», dio Azkaratek. The weekend sailor filma ikusiko dute gero.
Domekan zinemaldiaren azken olatua iritsiko da Bermeora. Bertan, 1615. urtean Islandiara joan ziren arrantzale euskaldunen gertaerak kontatuko dituzte. Dokumental historikoa da Baskavigin, La matanza de los balleneros vascos. Bukatzeko, herriko kontserberekin elkarlanean, Serratsek dastaketa prestatu du. Euskal produktuei buruzko datuak emango dituzte bertan, eta Bilbaoren berbetan, «zergatik den Bermeo munduko hegaluzearen hiriburua esango dute».
Gaurtik domekara arte hainbat olatu iritsiko dira Bermeora, itsasoan gertatzen diren kontakizunen aparrez blai. Doakoa da zinema festibala, eta herritarrei hurbiltzeko deia egin diete antolatzaileek, «ondo pasatzeko eta historia ezagutzeko aukera bikaina delako».