Florentino Larrinaga kaleko iriste erraztasuna hobetuko dute
Kaleak hainbat oztopo ditu mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat, eta obrekin horiek konpontzeko asmoa azaldu du Mundakako UdalakMundakako Florentino Larrinaga kaleko iriste erraztasuna hobetzeko lanak egingo dituzte. Mundakako Udalak jakitera em...
Kaleak hainbat oztopo ditu mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat, eta obrekin horiek konpontzeko asmoa azaldu du Mundakako Udalak
Mundakako Florentino Larrinaga kaleko iriste erraztasuna hobetzeko lanak egingo dituzte. Mundakako Udalak jakitera eman duenez, guneak hainbat oztopo ditu mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat.Lanekin, kalean eta errepidean aurkitzen diren oztopo horiek ezabatu nahi dituzte. Patxi Fernandez Hirigintza zinegotziak adierazi duenez, «gune batzuetan pertsona nagusiek edo mugikortasun arazoak dituztenek arazo asko izaten dituzte espaloitik errepidera igarotzeko».
Modu horretara, errepidea eta oinezkoen bidea altuera berean jarriko dituzte, mugikortasun arazoak dituzten herritarrek kalea zeharkatzeko izan ahal dituzten arazoak ekiditeko eta irisgarritasuna hobetzeko.
Zinegotziak zehaztu duenez, oinezkoentzako bidea zoruflex izeneko material berezi eta berritzaile bategaz estaliko dute. Estaldura horregaz, oinezkoek estropezu egin eta erortzea saihestuko dute, zoru malgu eta mol- dagarria izateagaz batera. Horrez gain, epe luzerako iraunkortasuna luzatzea ere lortuko dute material horregaz. Denbora pasa ahala, «lurzorua ez da arrakalatuko», eta horrela mantentze lan gutxiago edukiko du.
Lurzoru berriagaz batera, euriteek sortutako ur jarioa kontrolatzeko neurriak ere hobetuko dituztela azaldu dute.
Bi fase
Obrak urte bukaerarako hastea aurreikusi dute. Larrinaga kalea zirkulaziora itxita egon beharko dela aurreratu du udalak. Hala eta guztiz ere, lanak bi fasetan gauzatzeko asmoa daukate, era horretara bizilagunek kaletik igarotzen jarraitzeko arazorik izan ez dezaten. Horrela, hasieran errepideko alde batean ariko dira lanean, eta horiek amaitu ostean, bestean, auzokoak aparkaleku edota dendetara joan daitezen.
Obrak gauzatu ahal izateko, udalak 141.000 euroko inbertsioa egingo duela aurreratu du Hirigintza zinegotziak. Obrak hiru hilabetean amaituta egotea aurreikusi dute. Epeak betez gero, 2019ko udaberri hasierarako amaiturik egongo lirateke.