Lehen Mundu Gerran Belgikan hildakoak, gogoan
Belgikako Flanders Fields Museoak Lehen Mundu Gerraren biktimak gogorarazteko An empty chair to symbolize the immense loss from your Country proiektu artistikoa burutu zuen asteburuan, eta proiektu horretan parte hartu zuen Gernika Gogoratuzek. Hala, B...
Azaroaren 9tik 11ra bitartean, Lehen Mundu Gerraren amaieraren 100. urteurrena gogoratu zuten Belgikan, eta Gernika-Lumora ere iritsi zen omenaldia. Oroimen proiektu horren barruan, Val Carmen artistak sortutako Hutsik dauden aulkiak ekimena zabaldu zuten, gerrak familien etxeetan eragindako galera irudikatzeko asmoz.
Aulkiak, lekuz leku
Val Carmenek egindako erakusketako aulki batzuk hainbat herrialdeetara bidali zituzten, «Belgikan hildako biktimak gogorarazteko»; Gernika-Lumora kasu.
Hala, asteburuan, Ieperretik (Belgika) bidalitako eta galera hori irudikatzen duen aulki bat egon da udalerrian. Gernika Gogoratuz elkarteak Picassoren Gernika muralaren aurrean kokatu zuen lehenengo, eta gero, berriz, Europako Herrialdeen Parkean dagoen Henry Mooren eskulturan.
Hala, Lehen Mundu Gerrak Belgikan eragindako 120 herrialdeetako biktimen artean zazpi euskaldun zeudela gogorarazi zuten elkartekoek.
Erakusketako aulki horiek, orain 100 urteko etxeetan sortutako galera erakusteaz gain, «gerra eta damua» ere islatzen dute. Gerra bizi zuten pertsonen bidaia erakutsi gura dute, pertsona bakoitzaren bizipenak islatu nahi dituzte, hain zuzen.
Gernika-Lumon egon den aulkia Ieperrera bueltatuko da. Bertan hildako soldaduek bertan jarraitzen duten moduan, aulkiak ere han egoteko.