Giro ederrean, dantzari dantza
Antolatzaileen arabera, Dantzari Eguna «oso arrakastatsua» izan da. 200 bat dantzarik parte hartu dute ekitaldian, eta hainbat herritar bertaratu diraMundakako Isla Kale kiroldegian elkartu ziren zapatuan inguruko herrietako dantzariak, Busturialdeko...
Antolatzaileen arabera, Dantzari Eguna «oso arrakastatsua» izan da. 200 bat dantzarik parte hartu dute ekitaldian, eta hainbat herritar bertaratu dira
Mundakako Isla Kale kiroldegian elkartu ziren zapatuan inguruko herrietako dantzariak, Busturialdeko Dantzari Nagusien Egunean. «Giro ederrean» igaro zuten eguna.Mundakako Egunsenti Dantza Taldeak antolatu zuen ekitaldia, eta haien arabera, 200 dantzari baino gehiagok parte hartu zuten. Egunsentikoekin batera, Bermeoko Alkartasuna, Busturiko Irrintzi Alai, Gernika-Lumoko Elai-Alai, Gautegiz Arteagako Artie, Ajangizko Artxube, Foruko Urdaibai eta Bakioko Itsas-Alde dantza taldeetako dantzariak izan ziren.
Neskek egindako agurragaz hasi zuten ekitaldia. Ondoren, mutilek Ezpata-joko nagusia edota Txotxongiloa dantzatu zuten, neskek Ibarzabalgo Arku Dantza egin baino lehenago. Sarreraren ostean, talde bakoitza bakarka dantzan aritu zen, eta herri desberdinetako dantzariek ikusleei errepertorio zabala eskaini zieten.
Esate baterako, Elai-Alai Dantza Taldeak Bizkaiko dantza nahastea dantzatu zuen, Urdaibai Dantza Taldea polkekin ibili zen, Artxubekoek Gipuzkoako Uztai Txiki dantzatu zuten, Alkartasunako bermeotarrek Zuberoa, Artiek Sorgin Dantza eskaini zuten, Irrintzi Alaik Ingurutxo eta Itsas-Aldek Betti eskaini zuen, besteren artean. Egunsentik, bere aldetik, Beteluko jota, fandangoa eta arin-arina dantzatu zituen.
Afaria eta erromeria
Egun berezi horri amaiera ezin hobea emateko, dantzen ostean afaria egin zuten kiroldegian bertan, eta, ostean, erromeriagaz gozatu zuten.
Antolatzaileen berbetan, aurtengo Busturialdeko Dantzari Eguna oso arrakastatsua izan da. «Oso ondo pasatzen aritu ginen ekitaldiko dantzekin. Ostean egindako afarian eta erromerian ere itzel ibili ginen, ez bakarrik dantza taldeetako kideak; Mundakako bizilagunak ere hurreratu ziren gugaz batera ondo pasatzera».