Basurdeek ez dute punturik eskuratu 8. jardunaldian
Gernika RTk 21-42 galdu du VRAC Quesos Entrepinaresen kontra. Talde gernikarrak Ohorezko Mailaren sailkapenean azken aurreko postuan jarraitzen du, 11 puntugazGernika Rugby Taldeak 21-42 galdu zuen VRAC Quesos Entrepinares taldearen kontra, zapatu arra...
Gernika RTk 21-42 galdu du VRAC Quesos Entrepinaresen kontra. Talde gernikarrak Ohorezko Mailaren sailkapenean azken aurreko postuan jarraitzen du, 11 puntugaz
Gernika Rugby Taldeak 21-42 galdu zuen VRAC Quesos Entrepinares taldearen kontra, zapatu arratsaldean. Valladolideko taldeak aurkari indartsua dela eta lidertza eskuratzeko borrokan dagoela erakutsi zuen beste behin.Hain zuzen, sailkapeneko bigarren postuan dago, 29 puntugaz. Sanitas Alcobendas Rugby liderrak 33 puntu ditu. Gernika RTk azken aurreko postuan jarraitzen du, 11 puntugaz. Puntu bat gutxiago dauka Complutense Cisneros sailkapeneko azkenengoak.
Berdintasun handiagaz hasi zuten zapatuko norgehiagoka. Baina VRAC berehala hasi zen erasoko joko indartsuaren zertzeladak uzten. Entsegua egiteko gertu egon zen, baina lehen puntuak zigor kolpe bigaz lortu zituen (0-6). Jokoan parekotasunagaz jarraitu zuten bi taldeek. Nico Martinezen jokalariek puntuak eskuratzeko ahalegina egin arren, aurkarien defentsa gainditzea kostatzen zitzaien. Diego Merinoren mutilek ez zituzten arrisku jokaldi asko sortu, baina sortzen zituztenak ondo aprobetxatzen zituzten. Etxekoak, ostera, ezin asmatuta zebiltzan.
Valladolideko taldeak bi entsegua egin zituen tarte laburrean, markagailuan aldea nabarmen handituz: 0-21. Hala eta guztiz ere, aurkariaren bigarren entsegu horren segidan heldu zen etxekoen lehenengo entsegua. Matias Frutosek eta Lander Gomezek borobildu zuten aipatu jokaldia. Lehen zatiko azken minutuetan, puntu gehiago lortu guran, basurdeek espainiarrak estutzea lortu zuten.
7-21eko markagailuagaz ailegatu ziren atsedenaldira. Bigarren zatia hasita, Francisco Montes eta Imanol Zelaya barik geratu zen etxeko taldea; txartel horia ikusi zuten. Zelaiko nagusitasunaren ondorioz, VRACek beste bi entsegu egin zituen. Ia 30 puntuko aldeagaz (7-35), markagailua berdintzea ez zen lan erraza; zailtasunak zailtasun, horretan ahalegindu ziren basurdeak, eta bigarren entsegua egin zuten. Joko biziagoa erakutsi zuten etxekoek orduan. Hala ere, aurkariek beste entsegu bategaz erantzun zieten: 14-42koa igo zen markagailura.
Partidua erabakita egon arren, erasoko puntu gehigarria eskuratzea zen etxeko taldearen helburua. Facundo Epinal eta Palisaren arteko jokaldi batean hirugarren marka egin zuen talde gernikarrak, eta partidua amaitzear zela laugarrena egiteko zorian egon ziren.