Udalak Mozolomendiko bi bizilagun kaleratu nahi dituela salatu dute
EPAk leku gehiago behar izana darabiltela aitzakia modura diote eraikin okupatuko bizilagunek. Hurrekoak presionatzen eta legez kanpo jokatzen ari direla dioteHerritar bat etxe barik geratzeko arriskuan zegoelako, Lekeitioko Mozolomendin hutsik zeuden ...
EPAk leku gehiago behar izana darabiltela aitzakia modura diote eraikin okupatuko bizilagunek. Hurrekoak presionatzen eta legez kanpo jokatzen ari direla diote
Herritar bat etxe barik geratzeko arriskuan zegoelako, Lekeitioko Mozolomendin hutsik zeuden etxebizitzak okupatu zituzten duela bost urte. Ordutik, hamabost lagun baino gehiago pasatu dira erakin okupatutik, eta, gaur egun, zazpi lagun bizi dira hiru etxebizitzatan. Ekainetik, baina, Lekeitioko Udalak haietatik bi kaleratu nahi dituela salatu dute, «euren etxebizitzaren ondoan dagoen EPAri leku gehiago emateko aitzakiagaz».Mozolomendiko bizilagunek diote ulertzen dutela EPAk leku gehiago behar izatea, baina Mozolomendiko bizilagunak kaleratzea ez dela irtenbidea diote: «Hori udalak Mozolomendin bizi garenok kaleratzeko aitzakia da». Hezkuntza eskubidea defendatzen duten heinean, EPAri leku duinago bat ematea proposatzen dute Mozolomendikoek. «Irtenbidea ez da Mozolomendiko bigarren solairuko horma bota eta gaur egun etxebizitza bat dena EPAri ematea. Hori ez da beharrezkoa, herrian badaude-eta EPA ipintzeko leku aproposagoak».
Gainera, etxe kaleratzea modu «ezin irregularragoan» egin nahi dutela salatu dute. «Mozolomendiko bi bizilagunon oso hurbileko kontaktuak presionatzen ari dira, txantajea eta bestelako metodo zikinak erabiliz». Udala egiten ari dena «legez kanpokoa» dela diote.
Udalari oinarrizko bi eskubide etxebizitza eskubidea eta ikasteko eskubidea aurrez aurre jartzea leporatzen diote. «Honekin erakusten ari dira Lekeition dagoen ikasteko beharrizanari erantzuteko ezinbestekoa dela gutako bi etxetik kaleratzea».
Etxebizitza eskubidea bermatzeko borondate eta gaitasun politikorik ez badago, eskubide hori paperaren gainean defendatzeak ez duela ezertarako balio gaineratu dute. Horrez gain, Mozolomendin bizi direnei ez dietela hango etxebizitzetan erroldatzen uzten esan dute. «Legea urratzen ari dira. Udaletxean erroldatzeko eskaera egin dugunean atzera bota digute. Seguru badakitela legearen kontra egiten ari direna, baina berdin zaie».
Elkartasun sarea
Erasoen eta oztopoen gainetik etxebizitza eskubidea eta erroldatzeko eskubidea defendatzen jarraituko dutela esan dute, «eta duintasunez ikasteko eskubidearen eta EPAri baldintza egokiak bermatzeko aldarria ere geure egiten dugu».
Egoera horren aurrean, ezinbestekoa ikusten dute elkartasun sare praktikoa sortzea, «eraso eta zapalkuntza egoeren aurrean elkar babesteko eta bizimodu berriak eraikitzen joateko».