Lekeitioko Euskaraldiaren hamaikakoa aurkeztu dute
Parte hartze handiagaz ospatu zen domekan Euskaraldiaren ekitaldi nagusia Lekeition. Euskaraldiaren talde eragileko partaideek jakitera eman dutenez, ekimenera batu diren lekeitiarren erdiek hartu dituzte Ahobizi eta Belarriprest txapak. «Jarri genuen...
Euskaraldian 1.000 herritarrek behintzat parte hartzea zeukaten helburu Lekeition, eta aurreikuspenak gainditu dituzte. Oraingoz, 1.100 inguru direla jakitera eman dute, eta kopuruak gorantz egingo duela ikusten dute. Izan ere, atzoko ekitaldian ere animatu zen jendea azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den ariketa sozialean parte hartzeko izena ematera.
Limoneroetan jarritako mahaietan informazioa eman eta txapak banatzen zituzten bitartean, Lekeition euskararen inguruan gertatzen diren egoerak irudikatzen dituzten esketxak antzeztu zituzten antzerki taldekoek, eta musika ere eduki zuten ekitaldia girotzeko. Horrez gain, herriko hamaikakoa ere aurkeztu zuten. Izenetik deituta, banan-banan hamaika herritar igo ziren oholtzara txapak hartu eta hamaikakoa osatzeko.
Euskaraldirako prestatzen joateagaz batera, euskararen inguruan hausnartzeko aukera ere eduki dute lekeitiarrek. Euskara salbu ikusi arte berbaldia egon zen bariku arratsaldean Nerea Ibarzabal bertsolari eta kazetariaren eskutik, kultur etxeko Azkue aretoan.