LABek dio «orain» dela metalgintzako langileak kalera ateratzeko unea
Bizkaiko metalgintzaren sektorerako hitzarmen berri bat negoziatzen ari dira sindikatuak eta patronala; oraindik ez dute akordiorik lortu. LABek mahaia utzi duBizkaiko metalgintza sektorean 2003. urtean onartutako hitzarmena dago indarrean, eta ELA, LA...
Bizkaiko metalgintzaren sektorerako hitzarmen berri bat negoziatzen ari dira sindikatuak eta patronala; oraindik ez dute akordiorik lortu. LABek mahaia utzi du
Bizkaiko metalgintza sektorean 2003. urtean onartutako hitzarmena dago indarrean, eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak hitzarmen berri bat negoziatzen ari dira patronalagaz. Adostasunera iristea lortu ez dutenez, LABek mahai negoziatzailetik irtetea erabaki, eta metalgintzako langileak kalera ateratzeko unea «orain» dela aldarrikatu du.«Mahai negoziatzaileak abiadura hartu du, eta orain da kalera ateratzeko momentua, metaleko enpresetan gaia astintzeko momentua, jendea informatzekoa eta langileei protagonismoa emateko unea».
Negoziaketa mahaiaren ibilbidea «luzea eta korapilotsua» izaten ari dela azaldu zuten barikuan Gernika-Lumon batutako Lea-Artibai eta Busturialdeko LABeko delegatuek.
Bizkaiko hitzarmenen artean garrantzitsuena da metalarena, 50.000 langileri eragiten dielako. Sindikatuak esan modura, oso egoera «larrian» dago hitzarmena.
Patronalak 2013an metalaren mahai negoziatzailea uztea erabaki zuen, «Madriletik lan erreforma bat aurreikusi zutelako eta estatuko hitzarmena sinatu beharko zutela uste zutelako». Hitzarmena «estatalizatu» egin gura zutela azaldu zuten LABekoek, baina ez zen hori gertatu: «Sindikatuen borrokari esker, hitzarmen probintzialak mantendu genituen».
Bost urteko geldialdiaren ostean, aurten berriz zabaldu da sindikatuen eta patronalaren arteko mahai negoziatzailea. Otsailean lehen batzarra egin zuten. ELAk sei ordezkari ditu mahaian, CCOOk lau, LABek hiru eta UGTk bi. LABek uste du «ordezkarien araberako erantzukizuna» daukatela sindikatuek.
Erantzukizunak erantzukizun, aurten egindako hamabi bileretan ez dute metalaren sektoreari buruzko hitzarmena berritzerik lortu, «ez direlako adosta- sun bakar batera ere iritsi». Hala, patronalak ez daukala hitzarmena berritzeko «inongo gogorik» uste du LABek. Horren aurrean, sindikatuei «elkartzeko» dei egin diete. «Hitzarmena aurrera ateratzea lortu nahi badugu, metalaren sektorean zer gertatzen ari den kontatu behar dugu. Kaleetan, enpresetan eta langileen artean gaia astindu behar dugu, eta benetako hitzarmenaren alde egin behar dugu. Mahai negoziatzaileak ez du ezertarako balio, eta patronalari presioa sartzea beharrezkoa da».
Hitzarmenerako eskariak
Indarrean dagoen hitzarmena «zaharra» dela eta «berritzea» ezinbestekoa dela diote: «Hitzarmen berritzailearen alde egin behar dugu, ezinbestean».
Industrian langileek dauzkaten aldi baterako kontratuekin eta erreforma eta enpresa itxieren ondorioz kalean geratu diren 8.000 langileekin zer gertatzen den azaldu gura dute sindikatuko kideek. «Beharrezkoa da metalaren industriako langileek bizi duten egoera zein den azaltzea eta argitzea, hori hobetzeko hitzarmena lortu nahi badugu».
Gainera, sektorean emakumeek daukaten presentzia indartu gura du LABek: «%18 dira emakumeak. Egoera hori gaurkotu egin behar da, eta berdintasunaren aldeko estrategia planak bultzatu behar dira. Gazteen eta emakumeen berdintasunaren aldeko neurriak ezarri behar ditugu, soldata arrakalak behingoz desagertzeko».
Metalaren sektoreko langileen soldata igoera ere bultzatu gura dute. Hitzarmenaren arabera, peoi aditu batek 1.000 euro irabazten dituela jakinarazi zuten barikuan, Gernika-Lumon, eta soldata horregaz «inor ezin dela bizi» esanez arrazoitu zuten KPIaz gaindiko soldata igoeraren eskaria.
Alde bientzako egokiak
«Sindikatutik patronalari eskatzen dizkiogun hobekuntza guztiak hitzarmenaren aldekoak dira, eta patronalarentzako ere egokiak direla uste dugu», esan zuten sindikatukoek. Gainera, hitzarmena «homogenizatzea» beharrezkoa dela adierazi zuten.
LAB sindikatua ez dela geldirik geratuko jakinarazi zuten, eta sindikatu guztiei mahaitik ateratzeko eskatu zien agerraldian: «Sindikatuei gu egiten ari garena egiteko eskatzen diegu. Hitzarmena aurrera ateratzea gura badugu, lerro berean jarri beharko garelako guztiok».