Buzkentzen eta karakolen festa
Bermeon, Foruan, Ereñon, Sukarrietako Kanala auzoan, Ispasterko San Martin auzoan eta Aulestiko Malax auzoan ospatuko dituzte sanmartinak asteburuan. Odolosteak eta karakolak izan dira protagonista nagusiak.Baserrietan txerria hiltzeko eguna zen garai...
Bermeon, Foruan, Ereñon, Sukarrietako Kanala auzoan, Ispasterko San Martin auzoan eta Aulestiko Malax auzoan ospatuko dituzte sanmartinak asteburuan. Odolosteak eta karakolak izan dira protagonista nagusiak.
Baserrietan txerria hiltzeko eguna zen garai batean azaroaren 11. Gaur egun, ohitura horrek indarra galdu duen arren, sanmartinak tradizioz betetako jaiak dira eskualdeotako hainbat herritan; Bermeon azoka eta odoloste txapelketa egin zuten domekan, eta Foruan, berriz, ekintzaz bete-betetako asteburua eduki dute.Ereñon indaba txapelketa egin zuten zapatu eguerdian; indabak prestatzen onena nor den erakutsi zuten bertaratutakoek.
Aulestiko Malats auzoan, Ispasterren eta Sukarrietako Kanala auzoan, aldiz, mezaren ostean zer edo zer jan zuten herritarrek.
XVII. Nekazarien eta Artisauen azoka hartu zuen domekan Foruak, eta udaletxe inguruan kokatutako 20 salmahaietan hainbat produktu erakutsi eta saldu zituzten baserritar eta artisauek. Bertaratutakoek, gainera, taloa txorizoagaz jateko aukera eduki zuten, eta ilarak sortu ziren.
Domeka eguerdian, Urdaibai Dantza Taldearen erakustaldia egin zuten herriko dantzari gazteek. Eta dantza emanaldia bukatu eta gero, ohikoa den karakol txapelketaren sari banaketa egin zuten udaletxe aurrean.
Aurtengoa karakol txapelketaren 39. aldia izan da, eta txapelketa guzti horietan egon den Jesus Zelaia omendu zuten sari banaketa hasi aurretik. «Txapelke- ta ospatu den 39 urteetan hutsik egin gabe parte hartu du karakol txapelketan Zelaiak. Urte horietan guztietan Foruan egoteagatik eskerrak eman nahi dizkiogu Txakarrori», azaldu zuten udaleko ordezkariek.
Zortzi kazola aurkeztu zituzten guztira, eta epaimahaiaren arabera, kazolarik gozoena Maite izenekoa izan zen. Txatxarramendi izan zen bigarrena, eta Atxondoa, berriz, hirugarren sailkatua.
Arratsaldean jai giroak jarraituko zuen Foruan, 31. Briska Txapelketa egin zuten-eta Urdaibai tabernan. Karta jokoa bukatuta, txerriaren zozketa egin zuten.
Barikuan eta zapatuan ere, hamaika lehiaketetan parte hartu ahal izan zuten bertaratutakoek: tute, igel eta mus txapelketetan, kasuan kasu. Gainera, idi probetan aritu ziren zapatuan Juan Mari Ordorika (Gernika-Lumo), Iturbe anaiak (Arrieta) eta Jabi Duñabeitiaren (Kortezubi) idiak.
22 harategi
Bermeon orain dela 17 urtetik urtero egin dute sanmartinetako azoka. Txerrikiek hartu zuten azoka, baina, horiez gain, euskal pastela, gazta, eztia, txakolina, patea edota loreak ere jarri zituzten bistara.
Andeko Tabernan XVII. Odoloste Txapelketa lehiatu zuten, eta Bermeoko Jeronimo harategiaren buzkentza izan zen onena. Bigarren eta hirugarren sariak ere bermeotarrentzat izan ziren; Barturen harategiarentzat, eta Jose Ramon harategiarentzat, hurrenez hurren.
Jeronimo harategiak zortzi odoloste txapelketa irabazi ditu azken urteotan. Aurkezpena, egosketa puntua eta gustua baloratu zituzten epaimahaikideek. Saridunek ez daukatela irabazteko inolako sekreturik esan zuten saria jasotzerakoan, «maitasunez» lan egitea dela garrantzitsuena azpimarratuz.
Aurten, 22 harategi aurkeztu ziren txapelketara, iaz baino bat gutxiago. Bermeokoak zortzi izan ziren, Gernika-Lumokoak bost, Mungikoak beste bost, Zornotzakoak bi eta Loiuko eta Lezamako bana.
Odoloste txapelketan maila «oso ona» egon zela aitortu zuen Javier Barrenetxea txapelketako arduradunak. Balorazio positiboa egin zuen Barrenetxeak, eta harategien parte hartzeagaz pozik daudela onartu zuen: «Leku gehiago izanez gero, 40 harategigaz egingo genuke txapelketa. Hori ezinezkoa da, beraz, pozik gaude parte hartzaile kopuruagaz, urtero 20 harategi inguru aurkezten dira eta».
Bermeoko sanmartinetako azokako erakusmahairik politenak ere saria jasotzen du. Bermeoko Landabaso harategiak jaso zuen sari hori domekan.