Araskiren kontra, oraingoan bai
Lointek Gernika Bizkaiak 77-70 nagusitu zaio RPK Araskiri 6. jardunaldian. Dia Ligaren orain arteko partidu guztiak irabazi ditu talde gernikarrak, eta lidergoa mantentzen duAzken denboraldietan RPK Araskiri irabaztea ezinezkoa izan da Lointek Gernika ...
Lointek Gernika Bizkaiak 77-70 nagusitu zaio RPK Araskiri 6. jardunaldian. Dia Ligaren orain arteko partidu guztiak irabazi ditu talde gernikarrak, eta lidergoa mantentzen du
Azken denboraldietan RPK Araskiri irabaztea ezinezkoa izan da Lointek Gernika Bizkaiarentzat. Oraingoan, baina, azken urteotako erronka betetzea lortu du talde gernikarrak. Zapatu arratsaldean lehiatu ziren Malosten (6. jardunaldia), eta 77-70 nagusitu zen etxeko taldea.Gainera, Dia Ligaren orain arteko sei partiduetatik seirak irabazi ditu Lointekek. Ligako eta EuroCup Women Txapelketako neurketak kontuan hartuta, azken hilabetean hamaika partidu jokatu ditu Malosteko taldeak, eta horietatik hamar irabazi ditu. Emakumezkoen Ligaren sailkapenean, bigarren postuari eusten dio, Perfumeria Avenidagaz puntuetan berdinduta; 12na puntu dituzte.
Zapatuko partiduan giro itzela sortu zuten bi taldeetako zaleek. Giroa aparta, eta jokalarien erakustaldia ere aparta izan zen. Garaipena eskuratzeko sufritu egin behar izan zuten azken unean, baina sufritzen badakitela erakutsi zuten. Beste behin, defentsa sendoa eta hiruko jaurtiketak giltzarriak izan ziren.
Norgehiagoka gogorra eta intentsitate handikoa izan zen hasieratik. Seigarren minutuan 15-5eko markagailuagaz zeuden. Vucuroviv zelairatzean hobetu zen talde gasteiztarraren jokoa. Zortzi puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena, eta markagailua berdintzeko lanean Araski biziago jokatzen saiatu zen. Lointekek lasai jarraitu zuen, jaurtiketak ondo aukeratzen. Oro har, jokaldi ederrak utzi zituen bigarren laurdenak, harmailetan zeuden zaleen gozamenerako.
Hirugarren laurdena hastean, bi puntura jarri zen Araski: 44-42. Hala, Gasteizko taldearen ekintza bakoitzari berehala erantzun zion etxeko taldeak. Hala eta guztiz ere, zenbait unetan biek ala biek ez zuten erasoan asmatu. Baina hasierako minutuetako intentsitatea mantendu zuten. 61-53ko marka- gailuagaz heldu ziren azkenengo laurdenera.
Amaiera zirraragarria
Talde gernikarraren helburua argia zen: lehenbailehen partidua erabakita uztea. Alabaina, nahi baino gehiago kostatu zitzaion. Aurkarien defentsak gogor hartu zuen Lointek. Emozio biziko partidu amaiera izan zen. Horren erakusle da, hain zuzen ere, lehia bukatzeko 30 segundoren faltan izan zuten 73-70eko markagailua.
Blake Dietrick eskolta izan zen etxeko taldetik nabarmendu zen jokalarietako bat, eta, esate baterako, hiruko lerrotik bikain aritu zen. Partidu ikusgarria egin zuen, eta helburua taldearentzat lan ona egitea zela adierazi zuen: «Egindako lanagatik pozik nago, baina batik bat taldeagatik nago pozik».
Mario Lopezek azaldu zuenez, partidu parekatua izan zen, eta taldea hain eraginkor ez zegoen uneak ondo aprobetxatu zituen aurkariak: «Gure defentsa sistema behar bezala ez zegoenean, eurak partiduan sartzen ziren. Badakigu Araskik ez duela baloi bakar bat galdutzat ematen. Amaieran, hamar puntuko aldeagaz garaipena eskuratu dugula pentsatu dugu, baina orduan ere gure hutsegiteak ondo baliatu dituzte». Hala ere, partiduaren erritmoa etxeko taldeak eroan zuela azpimarratu zuen. Astebeteko atsedenaldia daukate orain, eta atseden hartzea denei ondo etorriko zaiela uste du Lointeken entrenatzaileak.