600 bat korrikalarik parte hartu dute Gernikako Milia herrikoian
Beste urte batez, milia herrikoia egin dute Gernika-Lumon. Aurten, lehen aldiz, herrigunetik kanpo, Mestikabaso kalean aritu dira arineketan.Gernika Atletismo Taldeak zapatu arratsalderako jarri zuen hitzordua, eta adin guztietako korrikalariek zein ho...
Gernika Atletismo Taldeak zapatu arratsalderako jarri zuen hitzordua, eta adin guztietako korrikalariek zein horien senitarteko eta lagunek ez zuten hutsik egin. Gernikako Milian 600 bat parte hartzaile batu ziren Mestikabaso kaleko zirkuituan.
Aterri hasi zuten proba, baina korrikalari eta lasterketak igaro ahala, eguna ilundu eta euriak apur bat hoztu zuen giroa. Hala ere, ume, gazte zein helduek txalo artean egin zuten arineketan.
Euriaren ondorioz, batek baino gehiagok labain egin, eta erorikoren bat edo beste egon zen, baina, zorionez, ez zen ezer larririk gertatu.
Lau kategoriatan banatuta atera ziren parte hartzaileak: benjamin-aurrekoak (167 metroko lasterketa), benjaminak (334 metro), alebinak (721 metro) eta ume, kadete, gazte, junior, senior eta beterano mailetako kategoria (1.609 metro). Hala, kategoria bakoitzeko korrikalariak txandaka atera ziren.
16:00etan kokatu zen umeen lehen taldea hasiera lerroan. Ikasketetxeetako neska-mutilen lasterketak gutxi gorabehera 35 izan dira; 450 ume inguruk parte hartu zuten, eta denek ere, zegozkien zirkuitua bukatuta, domina bana eskuratu zuten.
Atletismoa herritarrengana hurbiltzea helburu duen jaia nagusienen lasterketekin iritsi zen amaierara. Kategoria nagusieneko maila bakoitzeko lehenengo neskek eta mutilek kopa bana jaso zuten opari, eta beterano eta senior kategorietako azkarrenek, kopaz gain, afari bana irabazi zuten auzoko taberna eta jatetxe banatan.
1984an jaiotako probaren izaera herrikoiari eutsita, Gernikako Milia urtez urte indarra hartzen joatea da Gernika ATaren helburua. Horrela, Bizkaiko lasterketen egutegian bere lekua sendotzea gura dute.