Azken denboraldietan RPK Araskiri irabaztea ezinezkoa izan da Lointek Gernika Bizkaiarentzat. Oraingoan baina, azken urteotako
erronka betetzea lortu du talde gernikarrak. Zapatu arratsaldean lehiatu ziren Malosten (6. jardunaldia), eta
77-70 nagusitu zen etxeko taldea.
Gainera, Dia
Ligaren orain arteko
sei partiduetatik seirak irabazi ditu Lointekek. Ligako eta EuroCup Women txapelketako neurketak kontuan hartuta, azken hilabetean hamaika partidu jokatu ditu Malosteko taldeak, eta horietatik hamar irabazi ditu. Emakumezkoen Ligaren sailkapenean, bigarren postuari eusten dio, Perfumeria Avenidagaz puntuetan berdinduta; 12na puntu dituzte.
Argazkia: Gernika KESB.
Zapatuko partiduan giro itzela sortu zuten bi taldeetako zaleek. Giroa aparta, eta jokalarien erakustaldia ere aparta izan zen. Garaipena eskuratzeko sufritu egin behar izan zuten azken unean, baina,
sufritzen badakitela erakutsi zuten. Beste behin, defentsa sendoa eta hiruko jaurtiketak giltzarriak izan ziren.
Norgehiagoka gogorra eta intentsitate handikoa izan zen hasieratik. Seigarren minutuan 15-5eko markagailuagaz zeuden. Vucuroviv zelairatzean hobetu zen talde gasteiztarraren jokoa. Zortzi puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena, eta markagailua berdintzeko lanean Araski biziago jokatzen saitu zen. Lointekek
lasai jarraitu zuen, eta
jaurtiketak ondo aukeratzen. Oro har, jokaldi ederrak utzi zituen bigarren laurdenak, harmailetan ziren zaleen gozamenerako.
Hirugarren laurdena hastean
bi puntura jarri zen
Araski: 44-42. Hala, Gasteizko taldearen ekintza bakoitzari berehala erantzun zion etxeko taldeak. Hala ere, zenbait unetan biek ala biek ez zuten erasoan asmatu. Baina, hasierako minutuetako intentsitate berari eutsi zioten. 61-53ko markagailuagaz heldu ziren azken laurdenera. Talde gernikarraren helburua argia zen: lehenbailehen partidua erabakita uztea. Alabaina, nahi baino gehiago kostatu zitzaion. Aurkarien defentsak gogor hartu zuen Lointek.
Emozio biziko partidu
amaiera izan zen. Horren erakusle da, lehia bukatzeko 30 segundoren faltan izan zuten 73-70eko markagailua.
Blake Dietrick eskolta izan zen etxeko taldetik nabarmendu zen jokalarietako bat, eta esaterako, hiruko lerrotik bikain aritu zen. Partidu ikusgarria egin zuen, eta bere helburua taldearentzat lan ona egitea adierazi zuen: “Egindako lanagatik pozik nago, baina, batik bat taldeagatik nago pozik”.
Mario Lopezek azaldu zuenez, partidu parekatua izan zen, eta taldea hain eraginkor ez zegoen uneak ondo aprobetxatu zituen aurkariak: “Gure defentsa sistema behar bezala ez zegoenean, eurak partiduan sartzen ziren. Badakigu Araskik ez duela baloi bakar bat galdutzat ematen. Amaieran, hamar puntuko aldeagaz garaipena eskuratu dugula pentsatu dugu, baina, orduan ere gure hutsegiteak ondo baliatu dituzte eurek”. Hala ere, partiduaren erritmoa etxeko taldeak eroan zuela azpimarratu zuen. Astebeteko atsedenaldia dute orain, eta deskantzatzea denei ondo etorriko zaiela uste du Lointekeko entrenatzaileak.
(Argazkia: Gernika KESB)
Gernika-Lumoko hainbat elkartek eta erakundek egin moduan, Gernika KESBek ere Euskaraldiagaz bat egin du, eta zapatuan babesa adierazteko talde argazkia atera zuten Lointekeko eta Araskiko jokalariek.
Talde gernikarrak egitasmoagaz bat egiteko deialdia luzatu die herritarrei, eta jakitera eman dute Naiara Diez Ahobizi izango dela eta Juana Molina Belarriprest. “Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz berba egiten edo ulertzen dugun guztion artean egin daigun euskeraz! Euskal Herri osoan eta alkarregaz arituta, gure egunerokoan eragin genezake. Ekimen honi babesa ematen ari gara; elkarteko hainbat pertsonek hartu dute parte hartzeko konpromisoa jada, zuzendaritza taldeko kideek, entrenatzaileek, eta hainbat jokalarik”.